Eusko Alkartasunako XIII. Nazio Biltzarreko kongresua egin da asteburuan Gasteizko Europa Biltzar Etxean. Txosten politikoa eta estatutu berria onartu zituzten zapatuan, eta domekan, berriz, zuzendaritza nazional berria hautatzeko bozketa egin zen.
Alderdiko 249 konpromisarioetatik 135ek hartu zuten parte batzarrean, eta 134k Eba Blanco amurrioarraren hautagaitzari –aurkeztu zen zerrenda bakarra– eman zioten datozen lau urteetan EA gidatzeko babesa. Zerrenda horren parte zen Maider Otamendi eskoriatzarra, eta ondorioz, zuzendaritza nazional berriko kide da.
Ildo kritikoa
Nazio biltzarrak oihartzun mediatiko eta politiko handia izan du, hein handi batean, alderdi barruko desadostasunengatik. Otsailaren 9an EAko Nazio Batzorde Eragileak bost kideri afiliazio akta lau urterako bertan behera uzteko erabakia hartu zuen, alderdiko barne araudia urratzeagatik. Bada, kongresu paralelo bat egin zuten egun eta ordu berean Arabako hiriburuan aipatutako kideek, beste hainbat konpromisariorekin batera.
"Alderdiaren demokratizaziorako talde eragilea" sortu dute, alderdiaren ildo kritikoaren ideiak zabaltzeko eragilea, hain zuzen. Eta debagoiendar bat arituko da talde sortu berriko bozeramaile lanetan: Esther Larrañaga arrasatearra.