LH DuaLa Euskaraz aitortza ekitaldia egin dute gaur, otsailak 18, Bergarako Miguel Altuna Institutuan. Euskararen erabilera zabaltzeko ahaleginean erreferente diren Gipuzkoako lantoki eta Lanbide Heziketako ikastetxe eta ikasleei beraien jarduna aitortu zaie. Ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta LANEKI elkarteko ordezkariek parte-hartu dute, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, buru zutela.
Bertan izan dira, baita ere, Ainitze Blanco (Lanekiko presidentea), Nicolas Sagarzazu (Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzako Plangintza eta Antolaketako zuzendaria), Josune Zabala (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria), Jabier Larrañaga (Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua) eta Garbiñe Mendizabal (Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaria).
Lanbide Heziketan euskara duen balioa goraipatuz
Euskaraz, balioa erantsi lanari lemapean, Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea du helburu LH DuaLa Euskaraz egitasmoak. Hain zuzen ere, heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea du xede. Lanbide Heziketarako euskarazko baliabideez arduratzen den LANEKI elkarteak eta LANEKIren elkartekideak diren Ikaslan eta Hetel elkarteek, erakundeekin elkarlanean dihardute euskarazko LH-Duala sustatzen.
Gipuzkoan, egun, 2.700 lantoki baino gehiagotan egiten da Lanbide Heziketa Duala Euskaraz. Besteak beste, LH Duala Euskaraz egitasmoaren bitartez, enpresa horien berri jasotzen duen gida bat eta geomapa bat argitaratu da. Informazio guztia lhdualaeuskaraz.eus webgunean dago kontsultagai.
Ikasle, ikastetxe eta lantokien esperientziaren berri
Gaurko ekitaldian, LH Duala Euskaraz markapean ari diren erakundeetako zenbait ordezkariren presentzia ere izan da eta haien egunerokoa nola bizi duten partekatu dute publikoarekin. Hor aritu dira mahainguruan, MGEP-ko ikasle Irene Souto, MGEPko tutore Olatz Izagirre, Migel Altunako zuzendari Joxu Arana, Copreci-ko euskara batzordeko kide Eider Landa eta Goizper Group-eko Giza Baliabideetako zuzendari Antton Mirena Mendizabal.
Goizper Group, Astigarraga Kit Line
Egindako lanaren errekonozimenduari ere tarte garrantzitsua eskaini zaio ekitaldian. Lehenik eta behin, Egunean Behin lehiaketaren sari banaketa egin dute. Izan ere, jokoaren olatuarekin bat eginez, “LHduala Euskaraz” taldea sortu eta Gipuzkoako lanbide heziketako ikasleekin jokatu da lehiaketa hori. Gipuzkoako 750 gaztek parte hartu dute galdera-erantzunen lehiaketan eta astero irabazle bat izan da.
Jarraian, LH Duala euskaraz egin dadin lantokiek ematen duten zerbitzua errekonozitzeko unea iritsi da, eta horretarako kontuan izan da ikasleen “LH DuaLa Euskaraz” urte batean baino gehiagotan egin izana, LH Dualean izandako ikasle horietako batzuk enpresan bertan lanean geratu izana eta “LH DuaLa Euskaraz” egiten den lantokien izaera anitza. Aurtengoan errekonozitutako lantokiak Goizper Group, Astigarraga KIT LINE eta VIVEBiotech izan dira. Oroigarria jaso dute, enpresa horien izenean, Maria Sanchezek, Aitor Gilek eta Gurutz Linazasorok, hurrenez hurren.