Errekan behera
Maialen Chorrautek piraguismoari eman dion oihartzuna ikaragarria izan da. Tokioko Olinpiar Jokoetan lortutako brontzezko dominak lehen lerroan ipini zuen ur-bizietan egiten den kirol modalitatea. Miguel Indurainekin batera, urrezko domina duen euskal kirolari bakarra da LasarteOriako piraguista. Jaioterrian bertan ibaia eduki arren, La Seu d'Urgellenen (Lleida) bizi eta entrenatzen da.
Chorrauten antzera, etxeko ibaitik harago entrenatu behar izaten dute Bergarako Beti Busti piraguismo taldeko kideek. Deba ibaiak emari nahikoa ez duenean, "ur bila" joan behar izaten dute, beste leku batzuetara. "Irungo San Migelera joaten gara askotan, eta baita Orthez inguruetara ere. Plastikozko piraguekin ibili gura dugunean, ibai zailagoetara joaten gara, eta Pirinioetakoetan aukera handiak daude. Urola ibaiak ere jaitsiera politak ditu", esan du Beti Bustiko Mikel Zubizarretak.
Baina Chorrautek piraguismoari eman dion indarra ez da Bergararaino heldu. "Oraindik ere kirol ezezaguna da Debagoienean. Gure bailara errekaz josita dago, baina piraguismoa ez da askorik praktikatzen gurean", esan dute taldeko kideek. Debagoienean ez ezik, EAEn ere ez dago piraguismo elkarte askorik. Bergarakoaz gain, Donostian eta Irunen daude.
Beti Busti piraguismo taldea 1986an eratu zen elkarte moduan, baina aurretik ere egon ziren piraguistak Bergaran. Gaur egun, 32 piraguista eta 32 bazkide ditu elkarteak.
Errugbiaren eta esgrimaren artean
Piraguismoa ezezaguna bada Debagoienean, are ezezagunagoa da juggerra. Baina ez bakarrik bailaran, baita hemendik kanpora ere. Juggerra praktikatzen duen kirol talde bakarra Elgetako Arima Galduak da. Errugbiaren eta esgrimaren artean dagoen diziplina da, eta Blood of heroes pelikulan oinarritzen da.
Patinajea, hockeya, piraguismoa, arku tiroa, orientazioa, parapentea... egin daitezke bailaran
"Arima Galduak 2016. urtean sortu zen. Taldeko kapitain Jessica Otsek erakustaldia ikusi zuen urte hartako Euskal Encounterrean, eta ostean bildu zituen lagun eta senitarteko batzuk taldea sortzeko", dio klubeko presidente eta entrenatzaile Rouse Garciak. Hamabost lagun dauden taldean, baina bosnaka jokatzen dute, eta helburu nagusia da zelai erdian dagoen pilota kontrarioaren basean sartzen.
Hori egiteko erabiltzen diren elementuak dira kirol diziplina honen adierazgarri nagusiak. Alegia, gladiadoreek erabiltzen dituztenen antzekoak: ezkutuak, ezpata txikiak eta handiak... "Erabiltzen ditugun tresnengatik kirol gogorra dela dirudi, baina ezin dira kargak egin, aurkaria oratu bakarrik. Erabiltzen ditugun armak guk geuk egiten ditugu. Goma-aparrez bigunduta daude, eta erabat seguruak dira. Txapelketa bakoitzaren aurretik proba zorrotza egiten zaie, seguruak direla berresteko", dio Garciak.
EAEn zazpi talde daude eta Arima Galduak da babesleak dituen bakarra. Laguntza horrek aukera ematen die, besteak beste, Zaragozan, Murtzian, Valladoliden eta Madrilen antolatzen diren txapelketetara joateko. 2021eko irailean, adibidez, Berlinen jokatutako Munduko Txapelketan egon ziren, eta 32. lekuan sailkatu ziren. "Gogor dihardugu lanean kirol modalitate bat dela erakusteko eta federazio bat lortu ahal izateko. Murtzian lortu dute. Borroka Federazioarekin bat egin dute", azpimarratu dute.
Mapak interpretatzen
2021eko azaroan, Orientazioko Ipar Liga jokatu zen Oñatin. Euskal Herriko, Gaztela eta Leongo, Asturiasko, Kantabriako eta Errioxako 400 bat kirolari lehiatu ziren Arantzazu eta Iturrigorri inguruetan. Haien artean egon zen Asier Osinaga oñatiarra. Parte-hartzaile eta antolatzaile.
Dituzten baliabideen araberako ekintzak eta txapelketak antolatzen dituzte urtero
Osinaga hasi zen orientazioa lantzen, alaben arrimuan. "2013an hasi nintzen atletismoa eta orientazioa bateratzen. Azken hori egin gura zuten alabek, eta elkarrekin hasi ginen. Benetan asmatu nuelakoan nago. Oso erakargarria egin zitzaien hasieratik, eta egun ere oso gustura dihardute", dio. Arantzazun jokatutako proban ere parte hartu zuen Malen alabak.
Eta, hain zuzen ere, Malen alabarekin eta haren lau lagunekin zabaldu zuen Orientazio Eskola, 2017an. "Eskola zabaldu aurretik orientazio proba bat egin nuen Oñatin, eta han jabetu nintzen kirol ezezaguna zela. Ostean etorri zen eskola zabaltzearena. Lehenengo ikasturtea bost gaztetxorekin egin nuen. Ahoz ahokoak ondo funtzionatu zuen, eta oraingo ikasturtean, 29 neska-mutiko daude eskolan". Eta eskolan orientazio espezifikoa lantzen dute: norberak duen mapan zehazten den ibilbidea jarraitu behar da, derrigorrez, eta, ahalik eta denbora laburrenean, bertan zehazten diren kontrol puntuak aurkitu eta markatu behar dira.
Horretarako, ezinbesteko tresna da iparrorratza. "Kirola bera ezagutzea, mapak irakurtzen ikastea, naturaz gozatzea, orientazio kirola lehia moduan ezagutzea eta lagun artean ondo pasatzea dira gure helburuak".
Hamalau talde
Osinagak orientazioarekin izan duen maitasun harremanaren parekoa da Agustin Ojangurenek hockeyarekin izandakoa. Lerroko patinetan hasi zen, eta segituan maitemindu zen kirol horrekin. "Kirol oso distiratsua da, denetik dauka: kontrola, abiadura eta sinkronismoa. Hiru horiek bateratzean dago gakoa". Hala, berak maitemindu zuen kirola ezagutzera emateko, Burdinola kluba sortu zuen, 2017an, bi helbururekin: lerroko patinajea eta hockeya ezagutaraztea. Egun, 130 kirolari daude klubean. "Guztira, hamalau talde ditugu. Bi kenduta, beste guztiak federatuta daude. Eta, bitxia bada ere, talde mistoak dira guztiak, senior mailakoak izan ezik", esan du.
Talde guztiak lehiatzen dira Euskadi mailan. Aldiz, Espainiako urrezko ligetan jokatzen dute emakumezko seniorrek eta gazteen talde mistoak. Nazional mailan lehiatzeak aurrekontu handia eskatzen du. "Zati handiena, %60, jokalarien gurasoek ordaintzen dute. Beste zatia dirulaguntzetatik lortutakoarekin estaltzen dugu". Gazte mailako taldea hiru aste bukaeratan lehiatzen da, eta emakumezko seniorra bostetan. Madrilen, Sagunton, Lugon, Zaragozan, Torrelavegan... jokatzen dute.
Hiru kirol batera
Arrasaten jokatutako azken tenis eta padel txapelketak santamasetakoak izan ziren. Horiek eta sanjuanetakoa dira Arrasate Kirol Elkarteak (AKE) antolatzen dituenak. Squasha, tenisa eta padela hartzen ditu bere baitan elkarteak, nahiz eta hasieran tenisa izan zen elkartea sortzeko aitzakia. "Akta zaharrena 1986koa da. Orduan, bi tenis pista zeuden Arrasaten, eta herritar askok erabiltzen zituzten. Hala, elkartea sortu genuen, txapelketak antolatu ahal izateko eta federatuta egoteko", esan du AKEko kide Fernando Okinak.
2016an, squasha sartu zen klubera, eta geroago, padela. Azken hori da zale gehien dituena. "Astean zehar beteta egoten dira padel pistak. Gure jokalari asko Gasteizera eta Beasainera joaten dira jokatzera. Bitxia da, baina emakumezko asko dabiltza padelean". Guztira, 100 bat kirolari dituzte AKEn. Tenis eta padel ikastaroez gain, squash txapelketak ere egiten dituzte: Euskadikoa eta bailarakoa eta Gabonetako topaketa.
Arkuekin jolasean
Oñatiko Txantxiku Arkulariak taldea. XIX. mendearekin batera sortu zen, ikastaro baten ostean. "Hasierako taldetik hiru lagun geratzen gara; jendea pasatu da taldetik, batzuek beste batzuek baino denbora gehiago egin dute gurekin. Hainbat gorabeheraren ostean, hamabost bat kidek osatzen dugu taldea egun", esan du taldeko kide Gorka Bikuñak. Aretoko eta aire zabaleko lehiaketetan parte hartzen hasi ziren, urtean behin basoko ibilbidea egiteko aukerarekin.
Hala, Gipuzkoako txapelketa batean Ordizia taldeko Amadeo Diaz ezagutu zuten, eta taldearen dinamika aldatu egin zen. "Haren bidez jaso genuen baso ibilbideen informazioa eta formakuntza, eta, denborarekin, modalitate horretan bakarrik lehiatzera heldu gara". Ibilbide horietan 24 diana egoten dira, animalien itxurarekin: handiak eta txikiak, baina jatorrizko animalien itxura imitatuz. Izan ere, horien bizi-eremuetan jotzeak ematen ditu puntu gehien.
Patinetatik hockeyra
Bergarako Hanka Labanka taldea ere ikastaro baten haritik sortu zen, 2006an. Helduendako patinaje ikastaroaren ostean, elkarrekin patinatzen jarraitzeko asmoz elkartu ziren. Abiadura probetan parte hartzen hasi ziren, eta ostean etorri zen hockey taldea sortzeko ideia. "Patinetatik hockeyrako bidea oso naturala izan da. Behin patinak kontrolatzen ikasi ostean, pentsatu genuen makilarekin eta stickarekin hastea. Eboluzio bat izan da", dio Oihana Unamuno presidenteak.
Egun, 27 bazkide daude taldean, eta bi diziplinak lantzen dituzte. "Hockey taldea helduen taldea da. 20 urtetik gorakoak guztiak. Beraz, adin horretatik gorako norbaitek hockeya probatu gura badu... Abiadurazko probetan ere ibiltzen garenon artean gazteenak 26 urte ditu, eta nik, adibidez, 44", dio, barrez. Taldeko entrenamenduak astelehenetan egiten dituzte eta banakakoak, abiadurazkoak, egubakoitzetan, Labegaraietan.
Hegaldiak egiten
Debagoienak ezaugarriren bat badu, orografia da: mendiak, lautadak, bailarak... Eta horiek guztiak ezinbestekoak dira parapentean ibiltzeko. Amilena taldea 2008an sortu zen. "Sortu 1987an sortu zen, Ikarus izenarekin, eta delta hegalean ibiltzen zirenek osatzen zuten. Gerora, parapentearen bilakaerarekin, taldearen izaera aldatu egin zen", dio Amillenako kide Iñigo Tercerok.
21 parapentelari eta delta hegala egiten duten bi kide daude taldean. Aloñako mendizerrak, Kurtzebarrik eta Udalatxek ematen diete aukera bikaina hegan egiteko. "Normalean, hegaldi lokalak egiten ditugu, baina gehien betetzen gaituena hegaldi luzeak dira. Ahalik eta urrunen heldu. Eguraldiaren menpe gaude, baina badira Aloñan hasi eta hegaldia Errioxako Sierra Kantabrian bukatu dutenak".
Hala, ametsak amesgaizto bihurtzeko zorian ere badaude. "Belar eta Aloña inguruetan hegan egitea debekatu digute, hegaztien presentziarengatik. Minduta sentitu gara; izan ere, argi geratu da hegaztiak hiltzen dituzten gailuak beste batzuk direla. Amillenak hegaldi asko egin ditu Aloñan, eta hegaztiak berdin etorri dira bueltan".
Patin Eskola
Irabazi asmorik gabeko elkarte moduan sortu zen Oñatiko Tatarraz, 2014an. Patinajea aisialdirako aukera eta kirol moduan sustatzeko helburuak zituen oinarri. Eta hori gauzatzeko askotariko ekintzak egin ditu ordutik: patin eskola, Patin Eguna, bidegorrian ibiltzeko elkarretaratzeak...
Pandemiak hankaz gora ipini du Tatarrazen agenda. "Bi urte egin ditugu geldi. Pandemiak eta Zubikoako lanek ez digute marjinarik eman. Aurten, saiatu gara patin eskola martxan ipintzen, baina ez dugu irakaslerik topatu", kontatu du zuzendaritzako kide Edurne Bikuñak. Probak ere bertan behera utzi zituen koronabirusak baina, hasi dira berriro egiten. "Donostian, Errioxan, Etxeberrin... ibilitakoak gara. Le Mansko 24 orduetan ere egon ginen taldeko sei lagun. Orain hasi dira probak egiten; Tuteran eta Simancasen (Valladolid), esaterako".