Gaixotasun larriak dituzten hemeretzi preso daude gaur egun; mahai-inguruan kritikatu zuten presoen egoera itzulerarik gabekoa denean bakarrik askatzen dituztela, eta osasun arreta duina, konfiantzazko medikuekin eta senideengandik gertu, jasotzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Joseba Erostegik bere esperientzia azaldu zuen [Bideoan]; koloneko minbizia sortu zitzaion kartzelan.
Buruko osasuna ere izan zuten hizpide, eta euren buruaz beste egindako presoak ere badirela ekarri zuten gogora.
Horretaz guztiaz gain, nabarmendu zuten presoen batez besteko adina gora doala; 70 urtetik gorako hamar preso daude, gaur egun. Presoak eta, zehazki, gaixorik daudenak kalera atera daitezen are gehiago egitera deitu zuen Eltzikortak jendartea.
Larriki gaixo dauden presoen gaiarekin jarraituz, gaur, eguaztena, 20:00etan, Seminarixoan, Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentala egongo da ikusgai.