Maixabel pelikulak mapan kokatu du aktore bilbotarra; horren adibide da Forque sarietarako lortu duen izendapena.
Aurretik ibilbide luzea duzun arren, askok Maixabel-engatik ezagutuko zintuzten. Horixe sentitzen duzu zuk ere?
Noski! Ni Goenkale-n hasi nintzen, 26 urterekin; bi denboraldi egin nituen bertan. Gero, adibidez, Patria telesailean egin dut lan, baina egia da jendea Maixabelengatik hasi dela ni ezagutzen. Horrenbeste urtez aktore arituta, espero duzu noizbait horrelako aukera bat izatea. Hau gaztetan gertatu izan balitzait, ezberdina izango zatekeen, baina 43 urterekin harrapatu nau, eta bikain! Arrakasta honek lan gehiago ekartzen badit, ederki!
Dagoeneko jaso duzu lan proposamenik?
Antza denez, etenaldi batean gaude: urte amaiera da eta grabatutako pelikulak amaitzen dabiltza. Proiektu berriak orain hasiko dira, baita casting-ak ere. Nire agenteak dagoeneko bidali ditu zenbait proba, eta, momentuz, ezin dut ezer gehiago esan. Baina badirudi etorriko direla gauza berriak.
Nolakoa izan da Maixabel-en parte-hartzea?
Izugarri polita. Neure burua ezagutarazteko aukera eman dit, baita izen handiekin lan egitekoa ere. Ametsa egia bihurtu dela esan daiteke. Gainera, oso potentea den istorio batekin, benetako pertsonaiak ezagutzeko aukerarekin... Pertsonaia batzuek bete egiten dute, eta honek bete nau.
Aurten gehien ikusi diren Espainiako pelikulen artean dago Maixabel. Egoera zein den ikusita, berri onak, ezta?
Oso onak. Takillan arrakasta izan du, nire lanak ere bai. Iciar Bollain zuzendariak errodajean zehar galdetzen zidanean zelako harrera izango zuen, ez nekien zer erantzun; ezustea izan da izandako harrera ona, denontzat. Eta gero, aurrera begira duen bidea dago. Pelikula bat artea da, baina, kasu honetan, artea izatea baino harago joatea lortu du, gizartean hausnarketa piztuz eta jendeari pentsaraziz. Oso positiboa iruditzen zait hori.
Zeuri ere pentsarazi dizu?
Gaztetan, ikasle garaian, euskaldun izatea borroka armatuarekin edo manifestazioetara joatearekin identifikatzen nuen, baina gerora konturatu nintzen ez zela horrela. Eta nork esan dezake Maixabel Lasa, eta bere senarra, PSE-EEkoak izan arren, ez direla euskaldunak? Perspektibarekin ikusita, tontoak ginela pentsatzen dut; esango nuke bai ni eta baita gizartea ere aldatu egin garela. Pelikulak ere horixe erakusten du: pentsaerak urteekin garatu eta aldatu egin daitezkeela.
Eskultura ikasi zenuen EHUn. Zerk eroan zintuen antzezpenera?
Niri akzioa gustatzen zitzaidan, eta horregatik erabaki nuen Eskultura ikastea: egurra eta metala lantzea, makinekin ibiltzea... Nire belaunaldiko beste ikaskide batzuek ikus-entzunezkoen alde egin zuten, eta film labur batean parte hartu ostean piztu zitzaidan gogoa. Gustua hartu nion eta nire gidoiak eta pelikulak egiten ere hasi nintzen, ni neu neure pelikuletan agertzeko.
Orain gutxi, aktoreendako eskola bat zabaldu duzu Bilbon: BIZIE. Nolakoak datoz belaunaldi berriak?
Abenduan ireki genuen, eta kamera aurrean aritzeko prestakuntza ematen dugu. Sekulako harrobia dugu Euskal Herrian. Gaur egun, milaka plataforma daude Interneten, eta gazteek, mugikorrekin-eta, oso gertu dute irudiak grabatzearen kultura. Eskolara datozenek ikasteko gogoa dute, eta intuizio handikoak dira.
Eskolan ikusi duzunagatik, zenbatek gura dute aktore izan ospeagatik bakarrik?
Ez hainbestek. Nagusiagoak direnek, akaso, gehiago, baina atzean geratu ohi dira, gertatzen zaiena delako ez dakitela zer nahi duten. Egin behar dena da lurra ondo zapaldu eta aktore izateko bidea ondo jorratu; ezezkoak jaso arren, lanean jarraitu.
Bilbotar peto-petoa zaitugu. Zein da hiriko zure txoko gustukoena?
Esan behar da Bilbon jaio eta hazi arren, ezkondu nintzenetik Muskizen bizi naizela. Kontuak kontu, alde zaharra da txoko gustukoena: gastronomia ederra, paseoan aritzeko aukera...