ALBISTEAK

Martxoaren 8a prestatzen dihardute, poliki bada ere

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko ots. 11a, 14:02

Hilabete baino gutxiago falta da Martxoaren 8rako eta, pixkanaka bada ere, herrietako talde feministak hasita daude prestaketa lanekin. Hori bai, aurtengo aldarrikapenerako arreta non jarri ez dute zehaztu oraindik, diotenez, borrokak "asko eta askotarikoak" direlako, "tamalez".

Arrasaten, atzo egin zuten lehen asanblada irekia. Beste urte batzuetan baino emakume gutxiago agertu ziren, eta oraindik egitaraua zehaztu ez badute ere aurreratu dute Martxoaren 8ko manifestazioa Biteri plazan hasi eta bukatuko dela. Ahalik eta herritar gehien elkartzea nahi dute, baina ahal duten heinean eta pilaketak ekidin nahi dituzte. Arrasateko mugimendu feministak beste bilera bat deitu du otsailaren 23rako, Kulturateko areto nagusian, 18:30ean.

Oñati ari da aurreikuspen handienarekin

Oñatin ere ari dira Martxoak 8ari begirako ekitaldiak prestatzen. Egunari lotutako kanpaina egingo du Oñatiko Udalak, eta sare feministak, berriz, ekintza bat baino gehiago ditu dagoeneko lotuta, gehienak aurreko asteburuan egiteko. Bargastak talde feministak, esaterako, bazkari feminista antolatu du martxoaren 5erako. Kontzertuak ere egongo dira. Domekan, berriz, Martxoak 8an egingo den manifestaziorako kartelak eta mezuak egiteko tailerra egingo dute gaztetxean txokolate beroa hartuaz.

Bergaran, Martxanteren zain

Bergaran, Martxanterek asmoa dute aurten manifestazioa egiteko baina oraingoz ez dute ezer zehaztuta. Adierazi dute seguruenik datorren astean egingo dutela deialdia. Era berean , Berdintasun Kontseiluaren azken bileran hasi ziren martxoaren 8ko lanketarekin, baina ez da zehaztu oraindik zer egingo den. Bergarako Udalak, ohikoa duenez, martxoaren 8ko testuinguruan kultura ekimenak gai horri lotuta egingo dira, esaterako, Aroztegi aretoan Bergarako emakumeen erakusketa, antzerkia, musika emanaldiak…

Aretxabaleta eta Eskoriatza

Aretxabaletan, lehenengo batzarra otsailaren 15ean egingo dute Arkupen, 19:00etan. Eskoriatzan, berriz, badago nobedaderik. Izan ere, bideo lehiaketa bat antolatu dute lehenengoz, Femideo izenarekin bataiatu dutena. Gehienez bost minutu irauten duen edozein motatako bideo bat bidali behar da whatsappez 688 87 00 53 telefono zenbakira. Martxoaren 6ra arte dago aukera parte hartzeko.

Gainerako lau herriak, hasteke

Antzuolan, Elgetan, Aramaion eta Leintz-Gatzagan ez dira oraindik Martxoaren 8ari begirako antolaketa lanetan hasi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak