Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) joan de hilabetean kaleratu zituen EAEko udalerri eta eskualdeetako BEGaren (Balio erantsi gordina) gaineko ikerketa txostenak. Balio erantsi gordinak, hain zuzen ere, arlo ekonomiko bateko ekoizleek sortzen duten balio erantsia neurtzen duen makromagnitude ekonomikoa da. Hau da, ondasunei eta zerbitzuei ekoizpen-prozesuan eransten zaizkien balioak jasotzen ditu.
"Modu sinplean esanda, gure ekoizpenak sortzen duen balioaren neurgailua litzateke. Gure agente ekonomiko guztien jarduerak ekoizten duten azken produktu eta zerbitzuen balio agregatua, erabilitako intsumoen eta zeharkako zergen balioa kenduta. Azken finean, eguneroko ekonomian egiten denaren neurketa bat da, egiten den ekoizpen guztiak (produktu zein zerbitzuak) baitu isla zuzena BEGaren datuan. Eta tresna oso erabilgarria da eguneroko ekoizpen ekonomikoaren jarraipena egiteko, bai ekonomia bere osotasunean zein sektore espezifikoetan, fokua jarri nahi dugun eskalaren arabera", azaldu du Mondragon Unibertsitateko ekonomia irakasle Gotzon Aldamak.
"BPGaren (Barne produktu gordinaren) kasuan zeharkako zergen balioa (BEZrena) ere barneratzen den bitartean, BEGean balio hori kendu egiten da kalkulutik. Honek ekoizpen osoaren balioaren irudi fidelagoa eskainiko digu BEGaren kasuan; alde batetik, zeharkako zerga desberdinak egoteak suposatzen duen balorazio efektu distortsionatzailea kentzen duelako (produktu guztiei ez zaie BEZ berdina aplikatzen) eta bestetik, ekoizpena barne kontsumorako edo esportaziorako izatea berdin baloratuko dituelako. Beraz, ekonomiaren ekoizpen maila eta joera aztertzerako orduan BEGa litzateke bietatik adierazle egokiena", dio Aldamak.
"Ekonomiaren pisua edo tamaina neurtzeko balio digu, baina lurraldearen ongizatea neurtu nahi badugu, muga argiak dauzka. Lurralde batek aberastasuna sortu dezake, baina aberastasun hori gutxi batzuen esku egon liteke. Ekonomiak sortzen duen aberastasun hori nola banatzen den jakitean dago gakoa. Horregatik, BPG edo BEG adierazleak errenta mailari loturiko adierazleekin osatu behar dira nahitaez", dio bestetik, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaile Miren Estensorok.
Joerak aldatzen doaz
Euskal Autonomia Erkidegoan, datuak ez dira horrenbeste aldatu azken bost urteetan, baina mundu mailan ematen ari diren fenomenoen tendentziak nabariak dira dagoeneko. Izan ere, zerbitzuak dira BEGaren pisu handiena hartzen dutena ia %70arekin, eta industriak beheranzko joera izaten jarraitzen du (%24a baino gutxiago). Lehen sektorearen pisua (nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza) ez da %1era heltzen.
Miren Estensoro: "Digitalizazio prozesuak lurralde arteko desoreka sor dezake"
Pisu handia dute zerbitzuen arloa nagusi diren hiru hiriburuek, baina eskualde eta herrika begiratuta panorama zertxobait aldatzen da. "Urbanizazio efektua da horren ardura duena. Gurean baliteke modu apalagoan gertatzea baina mundu mailan ematen den moduan, urbe handi eta hiriak hazten ari dira. Bai biztanlerian eta baita euren ekonomiaren tamainari dagokionez. Gipuzkoa mailan industriak BEGean duen pisua altua da EAEkobeste lurraldeekin alderatzen badugu. Industriaren sektorean espezializaturik dauden eskualdeek ahalbidetzen dute hori, tartean Debagoiena, Debabarrena, Goierri, etab.
Kontua da aipaturiko tertziarizazioak edota digitalizazio prozesuak berak ere, zerbitzuen eskaria handituko dutela. Industriak zerbitzu aurreratu horiek beharko ditu lehiakorra izateko eta zerbitzu horietako asko hiriburuetan kokatzen dira. Joera honek, beraz, lurralde arteko desoreka sor dezakeen edo ez kontuan izan beharko da", azaldu du Estensorok.
"Garatutako herrialde ia guztietan ematen ari den fenomeno bat da eta ziurrenik gurean ere jarraituko du. Batez ere zerbitzuen sektoreak bizi duen hazkunde handiaren eragin zuzena da, eta ez hainbeste industriaren gainbeherarena", gaineratu du Aldamak.
Gipuzkoan, industria beherantz
Gipuzkoan, lehen sektoreak BEG osoaren 0,7 hartzen du gaur egun; industriak, %28,3 eta zerbitzuek, %64,9. Nabaria da azken urteetan industriaren eta zerbitzuen artean ematen ari den pisu trukatzea, eraikuntza eta lehen sektorea ia kopuru berberetan mantendu direlako. Izan ere, 2000 urtean, industriak BEGaren %36a hartzen zuen, eta zerbitzuek %57a.
Bailaran industriak pisua izaten jarraitzen du, baina beheranzko joera nabarmenarekin
Gainera, industriak izan duen beherakada eta zerbitzuek izan duten gorakada, batez ere, Donostian eta hiri handietan –Arrasate, tarteko– da nabarmenagoa. "Azkeneko urteetan egin izan ditugun aurreikuspen analisiek erakusten dute joera hori. Adibidez, euskal ekonomian, zehazki enpresei zuzenduriko zerbitzuen esparruak duen pisua, Espainian eta Europar Batasunean izango duen pisua baino handiagoa izango da 2030ean. Manufakturek aldiz pisua galduko dute, bai modu absolutuan –enplegu kopuruan– nahiz erlatiboan –enplegu totalean duen pisua jaitsiz–. Manufakturen pisua, oraindik ere, Espainia eta Europako beste lurralde batzuekin alderatuta, handiagoa izango da, baina horixe da joera. Tertziarizazio efektua deitzen zaio horri. Eta garrantzitsua da mundu mailako fenomenoa dela ezagutaraztea. Inplikazio zuzenak ditu enplegu eskarian adibidez", azaldu du Miren Estensorok.
Nahiz eta joera beheranzkoa izan, industriak gaur egun gurean duen pisua nabarmendu Gotzon Aldama irakasleak: "Azpimarratu beharra dago beheranzko joera gurean ere nabaria den arren, EAEko BEG industrialaren pisuak Europar Batasunaren batez-bestekoaren oso gainetik jarraitzen duela, Alemaniako batez-bestekotik nahiko hurbil. Gainera, erakunde desberdinetatik bultzatzen ari diren politika ekonomikoek badute fokua jarrita joera horren moteltzean, eta itxaron beharko da ikusteko ze puntutara arte duten eragina".
Debagoienean, hainbat bitxikeria
Gure bailaran bada bitxikeria nabarmen bat. Izan ere, industriak ia BEGaren %50 hartzen du (%49,6). Hala ere, zerbitzuek goranzko joera izaten jarraitzen dute, lurralde historikoan bezala, eta dagoeneko BEGaren %45,9 dira. Eraikuntzak BEGaren %4 hartzen du, eta lehen sektoreak %0,6.
Urbanizazio efektua dela eta, zerbitzuak hiri handietan kokatzen dira gero eta gehiago
Aipatzekoa dira Debagoienean, gainera, beste bitxikeria batzuk. Adibidez, Gipuzkoako industriaren BEGari dagokionez, Debagoiena da hirugarren eskualde indartsuena %17,5arekin, Donostialdearen (%26) eta Goierriren (%20) atzetik. Azpimarratzekoa da baita ere, industriari dagokionez Oñati dela hirugarren herririk garrantzitsuena Gipuzkoako BEGaren %5,7arekin.
Eraikuntzaren BEGari dagokionez ere hirugarren eskualdea da Debagoiena (%6,4), eta Arrasate da hirugarren udalerria %3,3arekin, Donostiaren eta Irunen atzetik. Berdin gertatzen da zerbitzuei dagokienez, Arrasate baita Gipuzkoako BEGari gehien ematen dion hirugarren udalerria (%3,6), Donostiaren eta Irunen atzetik.
Eraikuntza izoztuta
Arraroa dirudien arren, eta 2008ko krisia tarteko, eraikuntzaren sektoreak aldaketa gutxi pairatu izan ditu azken urteetan gurean. "Eraikuntzak milurteko honen hasieran bizi izan zuen burbuilak zenbait herrialde garatuetan, Espainian bereziki esanguratsua, ez zuen horrenbesteko pisurik izan EAEko kasuan. Lurralde txikia dugu, menditsua eta turismo masiborako ez hain erakargarria, beraz, hemen garai hartan ez zenez hainbeste puztu eraikuntza sektorea ondoren bizitako zuzenketa prozesua ez da hain esanguratsua izan", aipatu du Aldamak.
Gotzon Aldama: "Eraldaketaren eragilea zerbitzuen sektoreak bizi duen hazkunde handia da"
"2008ko krisian erabat uzkurtu zen eraikuntzaren sektorea eta orduan sektorea amiltzeko eman ziren faktoreak –ekoizpen eta enplegu galera, eraikuntzarekin loturiko produktuen lehiakortasuna, ez-altzairua eta zementua, finantza krisia eta jendeak erosteko beldurra izatea– agian, ez dira horren indartsu azalarazi oraingoan. Dena den, sektore honekiko mendekotasuna txikiagoa da gurean eta ekonomiaren lehiakortasunari edota enpleguaren kalitateari so egiten badiogu, adibidez, industria edota zerbitzu aurreratuen sektorean espezializatzeak onurak dakartza, eraikuntzarekin alderatuta", azpimarratu du Miren Estensorok.