Astearteroko Gobernu Bileraren ostean Bingen Zupiria bozeramailea soilik agertu da prentsaren aurrera gaur. Bileran hartutako hainbat erabaki izan ditu hizpide, bakarra ere ez osasun egoerari lotutakoa. Kazetarien galderen txandan, baina, egoera epidemiologikoari, LABI batzorde tekniko eta instituzionalari zein musukoaren erabilerari buruz aritu da.
Gotzone Sagarduik bileran egindako balorazioak izan ditu hizpide Zupiriak. Kutsatzeak, positibitatea zein birsortze ratioak behera doazela esan du, baita, "nahi baino astiroago bada ere", ospitaleetan zein ZIUetan dauden herritarrak. Alderdi negatibo gisa erietxeratze berrien zein hildakoen kopuruak "altuak" izaten jarraitzen dutela adierazi du. Ikuspegi orokorretik, baina, balorazio positiboa egin du: "Duela bi aste ez zen garbi atzematen bilakaera, eta neurriak luzatzea erabaki genuen. Oraingoan datuak baikorragoak dira".
LABIak
Indarrean dauden neurriak otsailaren 13an amaitzen direla aintzat hartuta, LABI bileren inguruan galdetu diote kazetariek. Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez, bihar goizean bilduko da Iñigo Urkullu batzorde teknikoarekin; bilakaera aztertu eta araudien gomendioak ematen dituzten adituekin, alegia. Batzorde instituzionala edo arauak onartzen dituena, berriz, eguen edo egubakoitzean bilduko da: "Arduradun politikoen agenden arabera erabakiko da data zehatza".
Maskara
Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako ordezkariek musukoaren inguruan hartutako erabakiaz eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariaren abstentzioaz galdetuta, denboran atzera egin du Zupiriak: "Aurreko urteko ekaineko edo uztaileko eztabaida beraren aurrean gaude". Eskoletako jolas-orduetan musukoaren erabilera mantentzea edo kentzea, aldiz, Madrilen gaur sinatuko duten dekretuan jasotakoaren arabera erabakiko dutela gaineratu du.
Nafarroa
Nafarroako Foru Erkidegoan otsailaren 14ra arte daude indarrean neurri murriztaileak. Bada, gaur eguerdian Foru Gobernuak jakinarazi duenez, aldatu egingo dituzte neurriok; bihar jakinaraziko dute behin-betiko ebazpena. Ikusteke dago ea malgutu egingo dituzten, edo bertan behera utziko dituzten guztiak.