Gure organismoaren osagai nagusia da ura. Jaiotzean, ura izaten gara %80, eta heldu egitean %60. Asteak egin ditzakegu jan gabe, baina ezinezkoa da hiru egun baino gehiago irautea urik gabe. Berebiziko garrantzia duen arren, kontsumoari buruz hedatu diren mito batzuk bazterrean uztea komeni zaigu. Ez dugu zertan ibili beti botila bat aldean daramagula.
Egunean zortzi basokada? Ez
Gezurra da egunean zortzi basokada ur edan behar direla. Mito hori oso hedatuta dago, baina ez da egia. Baieztapen horren atzean ez dago inolako ikerketa zientifikorik. Badirudi 1945. urtean argitaratu zen artikulu baten harira zabaldu zela kondaira hori, non esaten zen pertsonek egunean 2,5 litro behar ditugula, baina esaldi horren bigarren zatia ahaztu egin zuten, nonbait: ur horren zatirik handiena elikagaiek ematen digutela, alegia.
Hamarkada batzuk badaramatzate ikertzen zenbat ur behar dugun, eta, beste mantenugai batzuekin ez bezala, zientifikoki ez da frogatu zenbat ur hartu behar dugun gaixotasunak saihesteko edo osasuna hobetzeko. Pertsona bakoitzak ur kantitate jakina behar du hidrataturik egoteko.
Balantze hidriko orekatua
Egia da garrantzitsuena balantze hidriko orekatua izatea dela. Hartu den eta galdu den likidoaren arteko harremana adierazten du balantze hidrikoak. Ura ez da metatzen gure organismoan, eta tenperatura oso beroak ez dauden eremuetan bizi diren pertsona helduek bi eta hiru litro artean galtzen dute izerdiaren, gernuaren, gorozkien, arnasketaren eta larruazaleko transpirazioaren bidez. Eta ur hori berriz barneratu beharra dago.
Zientifikoki oraindik, behintzat, ez da frogatu egunean zenbat ur hartu behar dugun gaixotasunak saihesteko edo osasuna hobetzeko
Ur metabolikoaren ekoizpenak galera horien zati txiki bat baino ez du orekatzen – gorputzak berak sortzen duena da proteinen, gantzen eta karbohidratoen prozesu metabolikoen bidez–, eta, ondorioz, oreka hidrikoa lortuko bada, elikagaiak eta likidoak hartu beharra dago. Kanporatzen den adina likido sartu behar da gorputzean.
Gehiegi edatearen arriskua
Gehiegi edatea, gainera, arriskutsua izan daiteke. Urarekin gehiegikeria handia eginez gero hiponatremia ager daiteke, eta gaixotasun hori sortzen da odolean oso sodio gutxi dagoenean. Sodioak lagundu egiten du gorputzean likidoen oreka doitzen. Odoleko maila normala 135 eta 145 milibaliokidekoa da litro bakoitzeko (mEg/L) eta hiponatremia agertzen da sodioa 135etik behera dabilenean. Ur gehiegi edateak jaitsarazi egin dezake sodioa, giltzurrunek gaitasunik ez dutelako ur hori guztia kanporatzeko, baina hori ez da batere ohikoa.
Nahasmendu hori ezkutuko gaixotasunek sorrarazten dute, gehienetan; adibidez, bihotzeko arazoek, giltzurrunekoek eta gibelekoek, ez norbaitek ura edan duelako gainezka egin arte. Kontuak atera ditzagun: egunean batez beste bi litro likido hartuta, normalena izaten da gernuaren bidez 800 eta 2.000 mililitro artean kanporatzea. Osasuntsu dauden giltzurrun batzuk egunean 25 litro kanporatzeraino irits daitezke gernuaren bidez, eta, horregatik, hiponatremia bat jasateko, likido kopuru ia ezinezkoak behar dira.
Elikagaietan ere badago ura
Ura ez da hidratatzen gaituen bakarra. Nutrizio, Elikadura eta Dietetika Elkarteen Espainiako Federazioak (FESNAD) berrikusketa bat egin zuen herritarren ur kontsumoaren inguruan, eta, datuetan ageri denez, hartzen dugun ur guztiaren %28, gutxi gorabehera, elikagaietatik dator, beste %28 bat edaten dugunetik eta gainerako %44a beste edari batzuetatik. Hau da, uraren %20-30 elikagaietatik datorrela eta gainerako %70-80a hainbat likidotatik.
Elikagaien artean, frutek eta berdurek izaten dute ur gehien. Baita behiesneak ere, zeinak %88 izaten duen. Jogurta –%86–, arraina –%73-84–, itsaskia –%85–, zopa bat –%82 eta 95 artean–, haragia –%50-70– eta arrautza egosiak –%73–. Fruitu lehorrek, gosaritako zerealek, galletek eta txokolateak %5 baino gutxiago dute.