Zehaztasun gehiago falta dira, baina Frantziako Tourrak publiko egin duen ibilbidearen bideoan ikusten da 2023ko edizioko Frantziako Tourrean, bigarren etapan, Gasteiztik irtenda Aramaiotik Arrasateraino etorriko dela lasterketa, eta Olandixoko tuneletik beharrean, erdigunetik zeharkatuko dutela herria. Elorregin, berriz, ziklistek Zubillagarako bidea hartuko dute, eta Oñati pasata Udana (495m) igoko dute, eta handik Aztiriako gainerako (572m) bidea hartuko dute. Goierrin txirrindulariak Zaldibitik pasako dira, eta Txindokiko magaletik joango dira ondoren Alkizako gainera (380m). Kostalderako bidean Hernanin eskumatara hartu eta Gurutzeko gaina igoko dute eta Hondarribitik Jaizkibelgo maldei egingo diete aurre, ondoren, lasterketa Donostian amaitzeko. 210 kilometro izango ditu etapa horrek.
Hiru etapa euskal errepideetan
Debagoienetik pasako dena, baina, Tourreko bigarren etapa izango da. Lehenengoa, atarikoa, –uztailaren 1ean jokatuko dute– Bilboko udaletxean hasi eta amaituko dute. 185 kilometrotan ziklistak Bizkaiko lurretan ibiliko dira; kostalde malkartsuan, Urdaibaiko erreserba zeharkatuko dute, eta Gernikatik, esaterako, birritan pasako dira. Ez da Tour hasiera lasaia izango, inondik inora, errepide estu eta gorabeheratsuetan mendiko etapetan trebeak direnek belarriak tente izango dituztelako. Tartean Vivero edo Pike moduko mendateak izango dituzte, helmugatik nahiko gertu.
Lehen esan moduan, bigarren etapa (Gasteiz-Donostia, uztailak 2) ere ez da esprinterrendako izango. Gipuzkoa zeharkatzen duten bitartean zenbait gain bai, baina ziklistek ez dute mendate gogorrik izango. Hori bai, azken kilometroetan, Hondarribiatik Jaizkibelara bidean dauden maldak nahikoa izango dira tropeleko gizon azkarrak atzean uzteko; esprinterrek jai izango dute Donostian ere.
Eta hirugarren etapan –uztailak 3– Tourreko karabana Bizkaira itzuliko da ostera ere. Zornotzatik abiatuko dira ziklistak eta Lapurdirako bidea hartuko dute, euskal kostaldea zeharkatuz. Aurkezpen ekitaldian, baina, Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak ez zuen helmuga non izango den zehaztu, eta etapako profila zehazten duen bideoa Irunen amaitu zuten. Hala, baliteke Baiona izatea hirugarren etaparen amaiera hartuko duen euskal hiriburua, baina, ofizialdi oraindik ez dute halakorik zehaztu.