ALBISTEAK

Ostalaritzarako laguntzen aurrean, erabateko asebetetzerik ez

Pandemiak eragindako kalteagatik ostalaritza eta gaueko aisialdia laguntzeko 22 milioi euroko dirulaguntzen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Negozioen izaeraren eta langile kopuruaren arabera, 2.000 eta 70.000 euro arteko laguntzak iragarri ditu Javier Hurtado sailburuak. 6.000 euro arteko laguntza lortu ahalko lukete tabernek, 6.000 eta 25.000 artekoa pubek eta 10.000 eta 70.000 artekoa dantzalekuek.  

"Enplegua mantentzea da helburua, eta langile kopurua formula baten bidez kalkulatuko dugu, lanpostu egonkorrak sarituz, aldi baterakoen gainetik. Laguntza hauek jasotzeko, gainera, orain arte moduan lau hilabetez barik, sei hilabetez jarraitu beharko du martxan negozioak, helburu nagusia aktibitateari eta enpleguei eustea denez gero", adierazi du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok.

Arrasateko Jet Set dantzalekuko ugazaba Sandro Ramirezek ez du Jaurlaritzaren dirulaguntzen balorazio baikorrik, aipatzen diren kopuru handienak lortzeko baldintzak betetzea ezinezkoa delako, haren esanetan, egungo egoeran: "Ahalik eta langile gutxienekin ari gara lanean, hori delako gastuei aurre egin ahal izateko modu bakarra. Azaldu diezadala batenbatek nola beteko duen lokal batek adibidez hamar langile izateko baldintza".

Kategoria bat beheragokoa, PUB erakoa, da Kajoi taberna, hori ere Arrasatekoa. Dituen langileengatik, 6.000 euro jaso ditzake gehienez. Eskertzen dutela baina nahikoa ez dela dio Antonio Murillo ugazabak; 2020ko abuztutik daramatela jarduera normalik gabe. Orain, adibidez, %60ko edukiera eta 01:00erako itxi egin behar. Asteburuetan, adibidez, fakturazioaren zati on bat 03:30ean itxi aurreko orduetan egiten dutela dio; eta, horrez gain, jai eta ospakizun guztiak bertan behera utzita daudela. Lokalaren errenta berak berdin-berdin ordaindu behar duela-eta, dirulaguntzak ohiko fakturazioaren araberakoak izan beharko liratekeela uste du Murillok. 

Beretzat, oraingo dirulaguntzok baino inportanteagoa da hurrengo LABIk erabakiko duena: "Horrela ezin da bizi. LABI batzen den bakoitzean dardarka jartzen gara, ea ze murrizketa jartzen dituzten edo zenbateraino uzten diguten jaten, ze jateaz ari gara. Lokal askotan ezin dute lan egin; eta gero dago jendeari sartzen ari zaizkion beldurra, eta horrek egingo du asko kostako zaigula errekuperatzea. Tabernetan ez daude autobusean baino kutsatze gehiago; metroko geltokian baino gehiago ere ez. Madrilen dena irekita dago, eta Euskadiko intzidentzia bera dute".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.