Mankomunitatea kondenatuta, tamaina handiko hondakinen errefusaren kudeaketagatik

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 28a, 13:00

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jarritako errekurtsoa onartu zuen urtarrilaren 17an Donostiako Epaitegiak. Ondorioz, Debagoieneko Mankomunitatea kondenatu du, tamaina handiko hondakinen errefusa Kontsortzioari "berehala ematera" eta sortutako kalte-ordainak ordaintzera behartuz. Mankomunitateak desadostasuna adierazi du epaiarekiko, eta errekurtsoa jarriko duela adierazi dio Goienari.

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak urtarrilaren 17an hartu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) jarritako auzi-errekurtsoaren inguruko erabakia. Zehazki, Debagoieneko Mankomunitateak tamaina handiko hondakinen errefusaren "frakzio bat" probintziako erakunde honi eman ez eta bertan dauden enpresekin kudeatzea izan da arazoaren iturburua.

Mankomunitateak Goienari adierazi dionez, astean behin kalean jasotzen diren traste zaharretatik, bereizketa konplexua eta birziklatzeko aukera gutxi duten hondakinak dira "frakzio" horren parte; adibidez, bereizketa konplexua duten sofak, edo "momentu honetan birziklatzeko interes ekonomikorik ez duten" koltxoi, alfonbra edo maleta zaharrak.

Bada, GHK-k jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren arabera, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean (GHHKPO) zehaztutako hondakinen kudeaketa-eredua hausten du Mankomunitateak. Bailarako kudeatzaileak, aldiz, "historikoki" bertako enpresekin kudeatu izan dutela adierazi dio Goienari. Egun, Arrasateko Meatzerreka auzoan dagoen Juan Jose Arregi Etxabe enpresara eramaten da "frakzio" hori.

Epaia

Urtarrilaren 17an eman zuen ebazpena Donostiako Epaitegiak. Epaiak tamaina handiko hondakinen errefusa osoa Kontsortzioari "berehala ematera" behartzen du Mankomunitatea, honek Zubietako Ingurumen Guneko instalazioetan tratatu ahal izateko. Horrez gain, "frakzio" hori ez emateak 2020ko irailaren 25az geroztik Kontsortzioari eta hura osatzen duten gainerako mankomunitateei eragin dizkien kalteak ordaintzera ere kondenatu du.

Hedabide honek bildu ahal izan duen informazioa aintzat hartuta, 2021eko prezioen arabera 72,72 euro ordaintzen dizkio tonako Mankomunitateak Juan Jose Arregi Etxabe enpresari, eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari 185,42 euro ordaindu beharko lizkioke pisu beragatik. Aipatu, gainera, bilketa hau Elgoibarren egiten duela probintziako erakundeak; ondorioz, eta Mankomunitatearen hitzetan, "zeharkako kalte ekonomiko zein logistikoak ere baditu", hala garraio luzeagoak, nola baliabide pertsonal eta material gehiago kontratatu behar izatea.

Kalte-ordain ekonomiko orokorraz galdetuta, baina, ez du erantzun zehatzik eman bailarako erakundeak: "Momentu honetan ez daukagu kalkulu zehatzik eginda".

Erreakzioak

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak "oso positibotzat" baloratu du epaia, hondakinak Zubietara eramanda "hondakinen aprobetxamendu material eta energetiko handiagoa" lortzen dela eta "Ekonomia Zirkularra" bultzatzen dela argudiatuta. Bide beretik, Arraste, Bergara eta Antzuolako PSE-EEk ohar bateratua kaleratu dute; "pozik" daude epaiarekin, eta bailarako organoari epai judiziala betetzeko eskatu diote.

Debagoieneko Mankomunitatea, aldiz, "ez dago ados" ebazpenarekin, eta gaia abokatuak lantzen ari direla iragarrita, errekurtsoa jarriko dutela baieztatu diote Goienari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak