Debagoieneko Antzerki Plataformak 2022ko asmoen berri eman du

Formakuntza eskaintzen jarraitu gura du DAPk aurten ere, eta antzerki inprobisatu ikastaroak eta clown saioak ere eskainiko ditu. Era berean, topaketak antolatzeko asmoa du hainbat eragilerekin, DAP Bidelagun ekimena abian jarriz; eta ikasturte bukaeran, Debagoieneko Antzerki Jaialdia dute jomugan. Zapatu honetan, hilaren 29an, herririk herri emango dute horren guztiaren berri.

Debagoieneko Antzerki Plataformak aurrera begirako asmoen berri eman du gaur, urtarrilak 24, Elorregin egindako prentsaurrekoan. 2022ko lehen sei hilabeteetan formakuntzarekin jarraitzeko asmoa agertu dute, eta talde jarraituak ez dituzten herrietan antzerki tailerrak egitea proposatuko dute. Hala, Antzerki Inprobisatuko ikastaroa eskainiko dute otsailean, eta hiru saio egin martxoan; bata Elgetan, bestea Aramaion eta azkena, Eskoriatzan. Maiatzean, ostera, Clown ikastaroa egingo dute formatu berean. 

DAP Bidelagun

Halaber, DAP Bidelagun ekimena jarriko dute abian, eta horren gaineko azalpenak eman dituzte: "Debagoieneko hainbat herri eragilerekin topaketak antolatuko ditugu, DAPen ibilbidea elkarrekin landu ahal izateko eta guztion artean Debagoienako etorkizun kulturala imajinatu ahal izateko".

Debagoieneko Antzerki Jaialdia ere ospatu gurako lukete  ikasturtea bukatzeko; lau egunetan zehar bailarako herri guztietan antolatzea ekintzak da asmoa.

Ikasturte berrirako asmoak

Ikasturte berrirako asmoak zehazten ere hasi dira DAPeko kideak eta formakuntza eskolak eskaintzen jarraitzea da haien gogoa: "Hurrengo kurtsora begira, DAP Formakuntzako antzerki eskolak eskaintzen jarraituko dugu, gaur egun ditugun taldeak mantendu eta berriak sortzeko desirarekin".

Horrez gain, udazkenerako programa proposatu dute, irailetik urte amaiera artekoa, hain zuzen ere.  Eta berrikuntza moduan aipatu dute ekintzak ez direla ohiko espazioetan egingo.

Era berean, laguntzeko deia egin gura izan dute: "Hau dena gertatzeko, hainbat herri eragileren babesa eta laguntza ezinbestekoa izango da eta dei egiten diegu bailarako herritarrei, kulturgileei, udaletxeei, enpresei... ekintzetan parte har dezaten, sare honen parte izan daitezen, eta gurekin batera bestelako bide bat jorratzen lagun diezaguten".

Iaztik "indarrez lanean"

Debagoieneko Antzerki Plataforma bailarako antzerki eragileen artean eratutako sare bat da: "Batera lan eginez, euskarazko kultura eta antzerkiari gure gizartean dagokion tokia eta garrantzia emateko lan egiten dugu". Eta haien helburua da Debagoieneko egungo "kultura sustatzea" eta etorkizunekoari indarra eta duintasuna ematea: "Izan ere, antzerkigintza, eta kultura orokorrean, gizartearen eraldaketarako giltza bezala ulertzen dugu".

Elkartea 2017an sortu zuten, baina 2021ean ekin zioten "indarrez" bide berri bati: "D2030 egitasmoaren baitan, urtebetez DAP proiektu kulturala garatzeko eta martxan jartzeko aukera izan dugu. Honi esker DAPek eskala aldaketa bat izan du eta bailara mailako proiektu bat diseinatu dugu".

Debagoieneko herri guztietan aurkeztuko dute DAP datorren zapatuan, hilaren 29an. Goizean Leintz Gatzagan, Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasaten eta Aramaion izango dira, eta arratsaldean, Bergaran, Elgetan, Antzuolan eta Oñatin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.