Arrasatekoek seiko multzotik bosgarren amaitu dute, eta mailari eusteko borrokan jardungo dute hurrengo fasean. Usurbil, Escolapios, Urdaibai, Corazonistas eta Arrate B moduko taldeak izango dituzte aurrean, eta printzipioz, azken bi sailkatuek galduko dute kategoria.
Postu horietan ez egoteko borrokatuko dira arrasatearrak, baina adi, goiko kategorian, maila nazionalean gertatzen denak eragin zuzena izan dezakeelako multzo horretan. Hau da, maila nazionalean talde euskaldunak badira jaisten direnak, horrek eragina izango du arrasatearren multzoan, eta zaildu egingo du mailari eustea. Uneotan, Urduliz jaitsieran postuetan dago, eta Egia eta Barakaldo ere gertu. Hori ez da ona Arrasatekoendako, beraz, euren lana ondo egitearekin batera begi bat kategoria horretan izango dute jarrita. Ane Herreroren eta Patxi Garciaren taldeak zapatuan jokatuko du fase berriko lehenengo partidua, Usurbilen, 19:30ean.
Oñatiarrak igoera fasean
Oñatiarren egoera bestelakoa da. Atzeratutako azken partiduan Urdulizi 24-21 irabazita oñatiarrek multzoko lider amaitu dute, eta horrela, igoera fasera sailkatu dira.
Fase berrian guztira 10 norgehiagoka jokatuko dituzte, joaneko eta itzuliko partiduak izango dituzte eta Basauri, Zarautz, Elgoibar, Legazpi eta Ereintza taldeak izango dituzte aurrean. Oñatiko taldeko atezainak garbi dauka zeintzuk diren, printzipioz, oilar nagusiak.
Eta fase berrian ere, orain arte moduan, etxekoek harmailetako bultzada sumatuko dute. Eta ezinbestekoa izango da partidu garrantzitsu horietan, gainera. Zapatuan, 18:00etan jokatuko dute Mikel Agirreren mutilek lehenengo partidua, Ereintzaren kontra, Zubikoan.
Costrucciones Aloña Mendi lehenengo fasean
Emakumezkoetan, berriz, Construcciones Aloña Mendikoak ere Euskadiko Txapelketan dihardute, baina horien egoera bestelakoa da. Lau partidu falta zaizkie lehenengo fasea amaitzeko, eta oñatiarrak azkenak doaz. Hala, azken aurrekoaren kantxan jokatuko dute asteburuan: Berangon. Zapatuan izango da partidua, 19:30ean. Bistan da Oñatiko neskak mailari eusteko borrokan ibiliko direla bigarren fasean.