'Erasorik ez, erantzunik gabe!' leloarekin, Tuterako emakumearen erailketa matxista salatu dute

Jone Olabarria 2022ko urt. 13a, 09:21

Indarkeria matxistaren eraginez 2022an Euskal Herrian hil duten lehen emakumearen erailketa gaitzesteko elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean Bergaran eta Aretxabaletan. Bergarako kasuan, Erasorik ez erantzunik gabe! leloarekin, Tuterako emakumearen erailketa salatu eta berehalako neurriak exijitu zituzten

Martxanterek egindako deialdiarekin bat eginda, urtarrilaren 10ean Tuteran hilda aurkitu zuten emakumearen erailketa salatu eta indarkeria matxistarekin amaitzeko neurriak exijitu zituzten atzo arratsaldean hainbat herritarrek San Martin plazan: "Urte hasi besterik ez dugu egin eta dagoeneko halako berri ikaragarri batekin hasi dugu. Nazkatuta gaude, benetako gizarte matxista batean bizi gara eta neurriak hartzeko garaia da. Ezin da gehiago itxaron, gaitz hau estrukturala da".

Indarkeria matxistaren aurka borrokan jarraitu dutela aldarrikatu eta behin eta berriz neurriak eskatzen segiko dutela azaldu zuten: "Emakumea babesteko egun dagoen sistemak ez du funtzionatzen, inoiz baino babes gutxiagorekin gaude, eta halako erailketak dira adibidea. Jarraituko dugu aldarrikatzen aldaketa behar dela, baliabide publiko eta unibertsalak behar ditugula arazoari aurre egiteko, eta emakumeak aske eta berdintasunean bizi ahal izateko, egoera sistematiko honi buelta emateko".

Aretxabaletan ere salaketa eta elkartasun mezua

Aski dela aldarrikatuz, Aretxabaletako Udalak Tuteran izandako erailketa matxista gaitzetsi zuen, eta emakumearen senide eta hurbilenekoei babesa adierazi. Era berean, gogorarazizuten Euskal Herrian 2003tik 113 emakume eta 11 adingabe hil dituela indarkeria matxistak. 

Gaur arratsaldean Arrasaten eta Oñatin

Oñatiko Sare Feministak, Bargastak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak gaurko deitu du elkarretaratzea 19:00etan, Foruen plazan, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista leloarekin.  Arrasateko Mugimendu Feministak ere, Arrasateko Bilgune Feministaren, Arrasateko Neska Gazteen eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren sinadurapean, elkarretaratzea deitu du 19:00etan Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak