ALBISTEAK

Osakidetzako proba diagnostikoak, "mugatuta"

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 11a, 14:31

Atzo eta gaur adierazitako protokolo neurri berrien harira, gaixo agiria behar duten, sintomak dituzten edota talde zaurgarrietan dauden herritarrek soilik eskatu dezakete proba diagnostikoa egiteko hitzordua Osakidetzan. Hala ere, "beharrezkoak diren proba guztiak" egingo direla adierazi du Gotzone Sagarduik. Jokin Bildarraitz Hezkuntza sailburuak, aldiz, aurrez aurreko hezkuntzaren aldeko "apustua" berretsi du protokolo berria argitaratu berritan.

Atzo eman zuen jakitera Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean farmaziako testetan positibo ematen duten herritarrek, gaixo agiririk behar edota sintoma larririk ezean, ez dutela Osakidetzan proba diagnostikorako hitzordurik eskatu beharko. Gaur, berriz, positibo direnen kontaktu estuen artean talde zaurgarrietako herritarrek soilik eskatu dezaketela proba diagnostikorako hitzordua gaineratu du.

Hiru helburu ditu, Sagarduiren hitzetan, protokolo aldaketak: "Diagnostikoak azkartzea, Osakidetza Lehen Arreta zein arakatzaile zerbitzuen karga arintzea, eta talde zaurgarrietako herritarren arreta hobetzea". Prozedura berri honen aurrean, talde zaurgarrietako herritarrak nortzuk diren ere zehaztu du Osasun sailburuak; zehazki, 70 urtetik gorako herritarrak, txertatu gabeak, haurdun dauden emakumeak, immunoeskasia dutenak eta gaixotasun kronikoak dituztenak izango dira, kontaktu estu badira, proba diagnostikorako hitzordua eskatu dezaketenak. Osakidetzaren webgunean galdetegi berri bat irekiko da herritar hauentzat.

Asteleheneko datuak

Osakidetzan egindako proba diagnostikoen "mugatzeak" eragina izango du ohiko datuetan, positibo guztiek osasun sistemari jakinarazpenik egingo ez diotenez, ez direlako datu erreal guztiak bilduko. Hala ere, Osasun sailburuak jakinarazi du datuen "fidagarritasuna" berdina izango dela, kasu orokorren edota intzidentzia-tasen balore absolutuak aldatu arren, beste hainbat adierazle erabiliko direlako: "Ez dugu galduko inolako aukerarik pandemiaren bilakaera ikusteko".

Atzoko datuak ere eskaini ditu Sagarduik agerraldian. Orotara, 11.923 kasu hauteman ziren atzo EAEn, eta 6.844,35ean da intzidentzia-tasa. 792 ospitaleratu daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, horietatik 139 Zainketa Intentsiboen Unitateetan. Goienak jakin ahal izan duenez, 18 dira gaitzak jota bailarako ospitaleetan dauden herritarrak. "Ez dugu jakiterik joera aldaketa noiz gertatuko den", esan du.

"Sendo eusteko asmoa"

Astearteroko Eusko Jaurlaritzako Gobernu Bileraren osteko agerraldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ere hartu du hitza. Protokolo berria argitaratu berritan, eta "euren esfortzu eta konpromisoagatik" hezkuntza komunitate osoari eskerrak ematearekin batera, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzako "presentzialtasunaren aldeko apusturi sendo eusteko asmoa" duela adierazi du. Horrez gain, "itxaropentsu" agertu da 5 eta 11 urteko haurren txertaketak hezkuntza sisteman izango duen eraginarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak