Euria egin arren, ehunka herritar elkartu dira gaur iluntzean Arrasaten COVID ziurtagiriaren kontrako desadostasuna agertzeko. Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako, Aramaioko eta Arrasateko Bizitzakideak taldeak, Eskubideen aldeko Oñatiko taldea eta Bergarako lantaldea izan dira mobilizazioaren deitzaileak. Arrasateko Seber Altube plazan hasi da manifestazioa, eta leku berean bukatu, antolatzaileek irakurri duten adierazpen batekin.
"Ziurtagiriak eskubide urraketa itzela suposatzen duela ikusi genuen, eta horren aurrean zerbait egin behar zela", azaldu du Arrasateko Bizitzakideak taldeko Maite Arizagak, eta gaineratu: "Ziurtagiriak lekuetara sartzeko diskriminatu egiten dute jendea; haurrek ezin dute ekintza pila baten parte hartu; txertatu ez bazaude ezin zara sartu ospitalera zure senideren bat bertan badago, ezta ume txikiak badira ere... Kontua serioa da". Manifestazioak izan duen erantzuna "ona" izan dela gaineratu du Arizagak.