COVID ziurtagiriaren kontrako manifestazioa deitu dute Arrasaten urtarrilaren 4rako. Deitzaileak dira Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako, Aramaioko eta Arrasateko Bizitzakideak taldeak, Eskubideen aldeko Oñatiko taldea eta Bergarako lantaldea.
Gaur arratsaldean zabaldu dute deialdia Arrasateko Herriko Plazan, eta debagoiendar guztiak deitu dituzte parte hartzera. Agurtzane Lizarraldek eta Maier Etxebarriak irakurri dute komunikatua. 60 bat lagunek babestu dute ekitaldia.
"Gizarte kontrola", "komunitatearen zatiketa" eta "oinarrizko eskubideen zapalkuntza" salatu dituzte eta nabarmendu dituzte "oinarrizko giza eskubideen zapalkuntza" zein "logika indibidualistaren eta punitiboaren normalizazioa".
"Edozein pertsonak txertoaren gainean egindako aukeraketa agerian uztera behartzen gaituzte. Gure komunitateko pertsona batzuei etxeko, tabernako, kiroldegiko, ospitaleko, erresidentziako edo beste edozein lekutako ateak ixteko esaten digute eta geure komunitatea zatitzera gonbidatzen gaituzte. Guk badakigu pasaporte hori ez duten pertsonek hainbat egoera eta arrazoi izan ditzaketela egin dute osasun aukera eskubide osoz egiteko. Deialdi honekin bat egiten dugunok ateak ez ezik bihotza ere zabaldu nahi diegu bazterrean utzi nahi diren horien guztiei, txertoaren aurrean edozein auto egin dutelarik ere", irakurri du Lizarraldek.
Orain, inoiz baino gehiago, zaintzaren eta sendabidearen autoa egin behar dela azpimarratu du. "Batu gaitezen txertatuak eta txertatu gabeak; izan ere, egoera hau ez da larria soilik txertoa ez hartzea erabaki duten pertsonentzat eta haien seme-alabentzat. Gizarte osoarentzat da larria (…) Azken dekretua ez dugula onartzen esatean ez dugu desobedientzia proposatzen baizik eta gizarteak antolatzeko bere buruari eman dizkion eta juridikoki dekretuaren gainetik dauden oinarrizko legeak, nazioarteko itunak, eta eskubide unibertsalak betetzea (…) Debagoieneko herritarrok mobiliza gaitezen ba diskriminazioaren aurka eta gizarte bidezkoago baten alde".
Komunikatua, osorik
"Talde antolatuetan elkartu garen ehunka pertsonaren izenean dei bat egitera gatoz.
Dementziak jota gure herriko erresidentzian dagoen adineko gaixo bati bere senideak bisitan joatea ukatzen ari dira. Arrasateko ospitalean ere berdin. Kirol, kultur edo aisiako jardueretan haur eta gaztetxo batzuei betoa jarri zaie beren kide guztiek normaltasunez jokatzen edo parte hartzen duten bitartean bizkarreko minetik osatzeko kiroldegian errehabilitazioa egiten zuten batzuk ez dute jada horretarako aukerarik. Minarekin bizitzen ikasi, beste aukerarik ez!
Ezin ditugu aipatu COVID pasaportea exijituz gertatzen ari diren bazterketa mota guztiak, baina COVID ziurtagiria eskatzeko agintzen digutenean bereizkeriaz jokatzeko agintzen digute; gizarte kontrolaren eta bazterketaren partaide egin nahi gaituzte.
Edozein pertsonak txertoaren gainean egindako aukeraketa agerian uztera behartzen gaituzte. Gure komunitateko pertsona batzuei etxeko, tabernako, kiroldegiko, ospitaleko, erresidentziako edo beste edozein lekutako ateak ixteko esaten digute eta geure komunitatea zatitzera gonbidatzen gaituzte.
Guk badakigu pasaporte hori ez duten pertsonek hainbat egoera eta arrazoi izan ditzaketela egin dute osasun aukera eskubide osoz egiteko. Deialdi honekin bat egiten dugunok ateak ez ezik bihotza ere zabaldu nahi diegu bazterrean utzi nahi diren horien guztiei, txertoaren aurrean edozein auto egin dutelarik ere.
Arrazakeriaz edo homofobiaz baztertua izan den hori bezala guk senidetasunez, elkartasunez, enpatiaz eta besoak zabalik hartzen dugu gure etxean eta babesten soilik baztertu nahi izan delako senideak baikara; lagunak, herrikideak, komunitate berekoak.
Proposatzen diguten esklusioaren aurrean zaintzaren eta sendabidearen autoa egin behar dugu orain, inoiz baino gehiago. Batu gaitezen txertatuak eta txertatu gabeak; izan ere, egoera hau ez da larria soilik txertoa ez hartzea erabaki duten pertsonentzat eta haien seme-alabentzat. Gizarte osoarentzat da larria. Giza eskubideak pertsona guztientzat izatea hamarkada askotako borroka eta lanaren bidez lortu da, eta COVID pasaporteak oinarrizko eskubide horiek larriki zapaltzen ditu. Horregatik, guk ez dugu aldarrikatzen jarrera indibidualistarik. Aitzitik arbuiatu egiten dugu edozein herritarren bazterketa eta benetako giza legea sustatu nahi dugu.
Azken dekretua ez dugula onartzen esatean ez dugu desobedientzia proposatzen baizik eta gizarteak antolatzeko bere buruari eman dizkion eta juridikoki dekretuaren gainetik dauden oinarrizko legeak, nazioarteko itunak, eta eskubide unibertsalak betetzea.
Hamarkadaz hamarkada borroka eta lan neketsuaren bidez gizarteak eskuratu dituen lorpen guztiei eutsi behar zaie gaur egungo bizikidetzaren oinarriak direlako. Giza eskubideak guztiontzat izaten jarraitu behar dutelako.
Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuordearen hitzetan COVID pasaporteak ez du osasun kontuekin zerikusirik. Orduan, zer zentzu dauka pasaporteak? Gizartearen zatiketari ihes egin behar diogu baita logika indibidualista eta punitiboen normalizazioari ere. Gure herrietan sakon erroturik dauzkagun balore komunitarioei eta humanistei eusteko unea da.
Debagoieneko herritarrok mobiliza gaitezen ba diskriminazioaren aurka eta gizarte bidezkoago baten alde. Urtarrilaren 4an, 19:30ean, Arrasateko Sebero Altube plazan denok kalera guztiontzako giza eskubideen defentsan. COVID pasaporteari ez!".