Hainbat gai izan ditu hizpide gaur goizean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Pandemiaren egoeragatik "kezkatuta" agertu den arren, "albiste on bakarra" dutela jakinarazi du: txertaketa kanpaina. Errefortzu dosia jaso duten 60 urtetik gora herritarren kopuruan jarri naiz izan du enfasia; ia hamar herritarretatik zortzik hartu dute jada.
Bide beretik, iragarri du aste honetan bertan hasiko direla ematen hirugarren edo errefortzu dosia 55 eta 59 urte arteko herritarrei. Maiatzaren erdialdean jaso zuten lehen ziztada adin-talde honetako kideek, eta jasotako dosiaren marka dena delakoa izanda ere, bihar arratsaldetik aurrera izango dute ziztada berrirako hitzordua eskatzeko aukera. Sagarduik adierazi duenez, webgunearen bidez soilik eskatu ahal izango dute zita.
%10,1a, lehen bost egunetan
Eguaztenean jarri zuen Osakidetzak martxan 5 eta 11 urte arteko haurren txertaketa kanpaina; zapatuan heldu zitzaien debagoiendarrei txanda. Bada, Sagarduik adierazi duenez, 9 eta 11 urte arteko 15.269 haur txertatu dira aukera izan duten lehen bost egunetan, biztanleria osoaren %10,1a, alegia. 60.000 dosi jaso ditu Osasun sailak, eta horietako %25,4a jarri ditu momentuz.
Aldaketa nabarmenik ez
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1.825.892 herritarrek jaso dute gutxienez dosi bat, eta 1.804.482k dute, berriz, immunizazio osoa. Ehunekoetan adierazita, %0,2ko hazkundea izan dute bi datuek azken astean. Lehengo lepotik, 20 eta 29 zein 30 eta 39 urte arteko adin-taldeak dira txertaketa tasa txikienak dituztenak.
Adin-taldea | Dosi bat gutxienez | Immunizazio osoa | Errefortzu dosia |
>= 100 urte | %95,8 | %95,0 | - |
90-99 urte | %93,6 | %93,6 | %94,3 |
80-89 urte | %97,6 | %97,2 | %91,0 |
70-79 urte | %96,3 | %96,3 | %88,8 |
60-69 urte | %95,0 | %95,0 | %65,7 |
50-59 urte | %95,4 | %94,0 | - |
40-49 urte | %92,3 | %91,4 | - |
30-39 urte | %86,0 | %84,0 | - |
20-29 urte | %83,3 | %81,1 | - |
16-19 urte | %91,7 | %89,5 | - |
12-15 urte | %94,3 | %90,4 | - |
5-11 urte | %10,5 | %1,1 | |
GUZTIRA | %92,3 | %91,2 | %79,57 |