480 kutsatu lau egunean bailaran, ia %40 Oñatin

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 20a, 13:40

Eguberrien atarian, goranzko joerak ez du etenik. Azken astean goia jo dute berriz datuek: 849 debagoiendarri atzeman zaie birusa, eta 2.510,45ean dago intzidentzia-tasa. Bereziki adierazgarria Oñatiren kasua: 264 kasu atzeman dira astebetean, aurreko 60 egunetan beste. EAEn 324 herritar daude ospitaleetan, horietatik 105 ZIUetan. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez, Omicron aldaerako 220 kasu atzeman dira erkidegoan.

Eguberrietako ospakizunen atarian, pandemiari lotutako datuek etenik gabeko goranzko joeran jarraitzen dute. Azken lau egunetan 480 kasu berri atzeman dira Debagoienean, eta azken asteko datua 2020ko martxoaz geroztik erregistratu den okerrena da: 849 kutsatu. Bereziki deigarria da Oñatiren kasua. Astebetean 264 kasu atzeman dira; hots, azken zazpi egunetan ia aurreko bi hilabeteetan beste kutsatu zenbatu dira. Orotara, 12.191 positibo izan dira bailaran pandemia hasi zenetik.

Herriak Eguena Egubakoitza Zapatua Domeka GUZTIRA
Oñati 59 53 33 35 180
Arrasate 42 30 35 23 130
Bergara 30 19 14 11 74
Aretxabaleta 17 12 7 5 41
Eskoriatza 6 7 2 5 20
Elgeta 3 7 5 2 17
Aramaio 2 3 2 3 10
Antzuola 5 1 1 1 8
Leintz Gatzaga 0 0 0 0 0
GUZTIRA 164 132 99 85 480
  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Intzidentzia-tasa 2.500etik gora

Intzidentzia-tasa ere inoizko erregistro altuenean da; 2.510,45ean, zehazki. Bailarako herri guztiak daude eremu gorrian, eta Antzuola da 2.300eko tasatik behera dagoen bakarra (963,74). Kutsatu kopuruetan bezala, datu honetan Oñatik izan duen gorakada adierazgarria da; astebetean, ia bi mila puntuan igo da tasa, eta uneotan, 3.095,57an da. Gipuzkoan, 5.000 pertsonatik gorako herrietan erregistro okerrena duen herria da.

 

 

324 lagun ospitaleratuta

Ondorio zehatzik atera ezin den arren, azken astean EAEko erietxeetan egon den herritar kopurua mantendu egin da. Azken zazpi egunetan 294 eta 332 herritarren artean egon dira ospitaleratuta (324 daude uneotan), 92 eta 106 artean, aldiz, ZIUetan (105 daude uneotan). 

Aholkuak eta musukoa

Gotzone Sagardui sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean pandemiak EAEn izan duen bilakaeraren berri emateko. Beste hainbat gairen artean, Eguberrietako ospakizunak izan ditu hizpide. Adierazi duenez, LABIren batzorde teknikoak gomendio sorta bat jasotzen duen dokumentua igorri dio Iñigo Urkullu lehendakariari; "jarraibideak eskaintzea da helburua", Osasun sailburuaren hitzetan. Ikusteke dago noiz emango dituen jakitera Eusko Jaurlaritzak aipatutako aholkuak.

Horrez gain, musukoa kalean ere eramatea derrigortzea "premiazkoa" dela esan du Lehendakariak gaur goizean Bilbon egindako agerraldi batean. Espainiako Estatuko autonomia erkidegoen artean dagoen "erabakien desberdintasuna" ez dela "egokia" iritzi du, eta eguaztenean Pedro Sanchezek deitutako bileran egongo dela baieztatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak