Arrasateko osasun etxean, zapatu goiza normaltasunez hasi zuten eta ez zen jende pilaketarik sortu. Hiru gela egokitu zituzten 9 eta 11 urte bitarteko umeei txertoa jartzeko, eta txandakatuta sartu ziren horietara umeak, gurasoen laguntzarekin.
Txertoa hartu zuten haurrek adierazi zuten, behin txertoa jasota, "lasaiago" sentituko direla euren aitona-amonekin edota familiarteko nagusiagoekin egoterako orduan, batez ere. Eta gehienek esan zuten ez ziela minik egin txertoa jasotzeko momentuak.
Pfizer txertoa
Behin txertoa jaso ostean, guztiei eman ziten informazio orri bat. Bertan jartzen du Pfizer txertoak COVID 19ak eragindako infekzio sintomatikoaren arriskua murrizteko eraginkortasuna erakutsi duela. 5 eta 11 urte bitarteko haurrak txertatzeko, hamar mikrogramo dituen formulazio espezifikoa erabiltzen dela, hain zuzen ere, 12 urtetik gorakoek txertatzeko erabiltzen den dosiaren herena. Eta gogoratu, bi dosi hartu behar direla, zortzi asteko tartearekin. Txertoa hartu aurretik COVID-19a pasatu duten haurrek, dosi bakarra jasoko dute.
Albo-ondorio arinak
Medikamentu guztiek bezala, txertoak kontrako efektuak eragin ditzake, baina gehienak "arinak" direla jartzen du banatutako informazio orrian. Orokorrean ohiko albo-ondorioak hauek direla gaineratzen du: buruko mina, ondoez orokorra, febrikula, muskuluetako mina eta goragalea, baita efektu lokalak ere –mina, injekzioaren lekuan eta hantura–. Haurrak sintoma horiek baditu, egun gutxi batzuk baino ez dituela iraungo diote, eta ez dela ezer berezirik egin behar. Nahi izanez gero, parazetamolarekin trata daitezke. Gogoratu, sintomak gorputza babesa garatzen ari den seinale direla.