Pako Aristik, Iñaki Zubeldiak, Itziar Gomezek eta Bergarako Idazle Eskolako zuzendari Tere Irastortzak aho batez hartu dute erabakia, Iraitz Legarra Basterretxearen Gudu-zelai ipuina izan da lan guztien artean onena. Egileak pozarren hartu du saria, GOIENAri aitortu dio lehiaketan lehenengoz hartu duela esku, eta saria jasota taula gainean lerro batzuk ere irakurri ditu. Epai-mahaikide denek berretsi dute lan hor irakurtzea plazerra izan dela, kontakizuna bera gogorra izan arren. Lanak gerra garaiak eta minbiziak bikote batean eragin ditzakeen triskantzaz dihardu.
"Bai hizkuntza mailagatik eta baita tentsioari eusteko moduagatik, eta baita bigarren pertsonaren erabileragatik ere", saritu dute lana, epaimahaikideen esanetan. "Bi narratzaile daude, bigarren pertsonan mintzo direnak, baina bata zuka eta bestea hika. Dotore eta orekatsu, ongi bereiziak daude bi ahotsak. Oso polita da ipuina, fiña, samurra, eta une batzuetan haitz gogorra. Bi ahotsen arteko jolas edo dantza oso ongi lortua dago", adierazi dute epai-mahaiko kideek.
Sari nagusiarekin (2.500 euro) batera aurten ere aipamen berezia egin nahi izan dute, eta Judith Ruiz de Muniain Bediak idatzitako Arimaren koloreak lanak jaso du aipamen hori. Hala, epai-mahaikideek lanaren orijinaltasuna eta futurismoa nabarmendu dituzte. Hala, Bergarako Idazle Eskolak eskaintzen dituen edozein modulutuan esku hartzeko aukera jaso du Ruiz de Muniainek, eta bi sarituen lanak idazten.com atarian argitaratzeko aukera izango dute.
Hala, ekitaldia Arkupe barruan egin beharrean Aretxabaletako plazan egitea erabaki dute, aire librean. Bertan izan dira Karmele Igartua zenaren senitartekoak, eta ekitaldia luntxarekin amaitu dute, hori bai, eguzkipean.