Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak eta erkidegoek batzarra izan dute gaur Madrilen, eta oniritzia eman diote 40 urtetik gorako herritarrei hirugarren edo errefortzu dosia jartzeari. Estrategia zehaztu gabe dagoen arren, Osasun Publikoko Batzordeak adinen araberako lehentasunak ezartzea proposatu du; ondorioz, 50 eta 59 urte artekoekin hasiko litzateke kanpaina. Horrez gain, haurrak eta txertatu gabe daudenak ziztatzea "lehenestea" da batzordearen nahia.
Haurrak, zapatuan
Bide horretan, atzo eman zitzaion hasiera EAEn 5 eta 11 urte arteko adin-taldearen txertaketa kanpainari, eta hiru egun gehiago itxaron beharko dute bailarako haurrek lehen ziztada jasotzeko. Zapatuan, goizez zein arratsaldez, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza zein Oñatiko osasun etxeetan jasoko dute lehen dosia. 9, 10 eta 11 urteko 632 debagoiendarrek hartu dute hitzordua.
Egoera epidemiologikoaren datuak publikoki eguneratu aurretik egindako adierazpenetan, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak esan du "ondo" hasi dela haurren txertaketa kanpaina. Bere hitzetan, deialdiak izan duen erantzunak "ez du harritu", eta "gizartea heldua eta arduratsua dela erakusten ari da". Osakidetzaren webgunearen bidez zein ohiko osasun zentrora deituta dute gurasoek txanda hartzeko aukera.
Pixkanaka gora
Txertaketa datu orokorrei erreparatuta, gora doaz pixkanaka ehunekoak, azken asteetako bilakaera geldoa den arren. Esaterako, astebetean %0,3a hazi da dosi bat jaso duten herritarren ehunekoa, eta %0,2an, aldiz, immunizazio osoa eskuratu dutenena. Errefortzu dosiari dagokionez, baina, izan da aldaketa; %52,6tik %72,9ra igo da hirugarren ziztada jaso duten herritarren portzentajea. Beste hitz batzuetan, 60 urtetik gorako 10 herritarretatik 7k baino gehiagok jaso dute jada hirugarren dosia.
Adin-taldea | Dosi bat gutxienez | Immunizazio osoa | Errefortzu dosia |
>= 100 urte | %95,8 | %95,0 | - |
90-99 urte | %93,6 | %93,6 | %93,5 |
80-89 urte | %97,6 | %97,2 | %89,8 |
70-79 urte | %96,3 | %96,3 | %85,8 |
60-69 urte | %94,9 | %94,9 | %53,2 |
50-59 urte | %95,3 | %93,9 | - |
40-49 urte | %92,2 | %91,3 | - |
30-39 urte | %85,8 | %83,8 | - |
20-29 urte | %83,0 | %80,8 | - |
16-19 urte | %91,4 | %89,3 | - |
12-15 urte | %92,4 | %89,4 | - |
GUZTIRA | %92,1 | %91,0 | %72,9 |