123 kutsatu egunean, pandemiako aste hasiera okerrenean

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 16a, 11:47

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera, pandemia osoko erregistrorik okerrenak izan dira bailaran asteko lehen hiru egunetan; batez beste, 123 debagoiendarri atzeman zaie birusa astelehenetik eguaztenera. 799 kasu baieztatu dira bailaran azken astean, eta intzidentzia-tasa inoizko zenbaki altuenean da: 2.396,27. ZIUetan 9 kutsatu gehiago egon arren, astelehenean baino 33 herritar gutxiago daude EAEko ospitaleetan.

Astelehenean izandako jauzi nabarmenik egon ez den arren, etengabeko goranzko joeran jarraitzen dute pandemiari lotutako datuek. 369 kutsatu berri izan dira astelehenetik eguaztenera Debagoienean, aste hasiera batean inoiz izan den kopururik altuena. 123 positibo berri, bataz beste, egunean. Bereziki adierazgarriak dira Elgeta eta Oñatiko kasuak; lehenean joan den aste osoan izandako positibo kopurua pasa du hiru egunetan (+1), eta bigarrenean, aldiz, oso gertu gelditu da (-7). Uneotan, 11.711 debagoiendarri atzeman zaie birusa 2020ko martxoaz geroztik.

Herriak Astelehena Martitzena Eguaztena GUZTIRA
Arrasate 27 56 34 117
Bergara 23 35 33 91
Oñati 19 30 35 84
Aretxabaleta 6 13 12 31
Eskoriatza 8 9 10 27
Elgeta 1 5 2 8
Aramaio 3 2 2 7
Antzuola 3 0 0 3
Leintz Gatzaga 1 0 0 1
GUZTIRA 91 150 128 369
  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Inoizko daturik altuena

Azken egunetako bilakaeraren adierazle garbia da 14 eguneko intzidentzia-tasarena. Astelehenetik gaurdaino, 100 puntutik gora hazi da erregistroa; 2.282,09tik 2.396,27ra, zehazki. Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Leintz Gatzagan 2.000tik nabarmen gora jarraitzen du datuak, eta azken hiru egunetako positibo kopurua aintzat hartuta, asko hurbildu dira tasa horretara Oñati (1.805,02) zein Elgeta (1.591,51). Antzuola da tasa 1.000tik bera izan eta beheranzko joera duen herri bakarra (826,07).

 

Lurraldeak gora

Bailarako datuen azpitik, baina EAEko datu orokorrek zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erregistroek goranzko joeran jarraitzen dute. Gipuzkoan 2.774, Bizkaian 2.454 eta Araban 972 positibo izan dira azken hiru egunean; EAEn, ondorioz, 6.200. Intzidentzia-tasek argi adierazten dute hiru lurraldeak eremu gorrian direla, eta baita erkidegoa bera ere, 1.000 puntuko langa lehen aldiz gaindituta (1.042,41).

 

Ospitaleratuak behera, ZIUak gora

Azken hiru egunetan 131 ospitaleratu berri izan diren arren, EAEko erietxeetan dauden herritar kopuruak behera egin du. Atzo 299 kutsatu zeuden ospitaleetan, domekan baino 39 gutxiago. ZIUetan, baina, kontrakoa da egoera. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 100 herritarrek behar zuten atzo zainketa intentsiboa, pasa den igandean baino 9 gehiagok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak