Martitzen arratsaldetik aurrera eskatu ahalko da 9 eta 11 urte arteko haurrak txertatzeko hitzordua

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 10a, 16:19

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur eman du jakitera 5 eta 11 urteko haurrak txertatzeko Eusko Jaurlaritzak diseinatu duen estrategia. 9 eta 11 urteko umeetatik hasi eta adinean behera joango dira, beti ere eskura dituzten dosi kopuruen arabera. Abenduaren 14 arratsaldean irekiko da hitzordua eskatzeko aukera, eta orduan zehaztuko da bai txertaketa gunea, eta baita bigarren dosirako data zehatza ere.

Azken egunetako iragarpenei segika, gaur goizean eman du jakitera Eusko Jaurlaritzak EAEko haurrak txertatzeko jarraituko duen bide orria. Abenduaren 15ean hasiko da kanpaina, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri bezala, adinaren araberako hurrenkera jarraituko dute; hots, 9 eta 11 urte arteko haurretatik hasi, eta eskura dituzten dosi kopuruen arabera, 5 urtekoetara helduko da hitzordua eskatzeko aukera. Astean emandako datuen arabera, adin-talde horretako 135.000 biztanletik gora daude erkidegoan, eta lehen txanda honetan 60.000 bat dosi jasoko ditu Jaurlaritzak, guztiak Pfizer markakoak.

Abenduaren 14 arratsaldean irekiko da hitzordua eskatzeko aukera. Bi aukera izango dituzte gurasoek ziztada jasotzeko txanda eskatzeko. Lehena, webgunearen bidez egitea; osakidetza.euskadi.eus helbidean egongo da horretarako aukera. Bigarrena, ohiko osasun zentrora deitzea; 1 tekla sakatu ostean, txertoa hartzeko eguna eta ordua esleituko dira.

Baieztapena, gunea eta bigarren dosia

Behin lehen dosirako data eta eguna esleitzean, SMS bidez hiru argibide emango dira: hartutako hitzorduaren baieztapena, ziztada jasotzeko txertaketa gunea eta bigarren dosia jasotzeko data, ordua eta gunea. Lehen eta bigarren ziztaden artean zortzi asteko tartea egongo da. Sagarduiren hitzetan, "txertaketa guneak azken aldian erabili izan ditugun berdinak izango dira", eta gogorarazi du haurrek ezinbestean nagusi baten laguntzarekin joan beharko dutela dagokien dosia hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak