Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dute COVID Ziurtagiri Digitala (QR) eskatzeko derrigortasuna ezartzen duen lehendakariaren dekretua, eta, gaurtik dago indarrean.
Eragina izango du, betiere, azken 14 egunetan COVID-19ak EAEn izan dituen kasu positiboen intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 300 kasukoa edo gehiagokoa den artean. Informazio hori, orain arteko moduan, astean bi aldiz emango du Jaurlaritzak, astelehenetan eta eguenetan.
Gaurtik aurrera honako lekuetan erakutsi beharko da ziurtagiria:
- Kontzertu-aretoak eta erabilera anitzeko aretoak edo gaitutako beste espazio itxi batzuk, kontzertuak, musika-jaialdiak eta bestelako kultura- eta arte-ekitaldiak egiten direnean.
- Ostalaritza-establezimenduak eta jatetxeak, baita oturuntza-aretoak ere, dantza egiteko aukera ematen duten jarduerak egiten direnean, bertaratuen kopurua zeinahi dela ere.
- Kiroldegiak, gimnasioak eta jarduera fisikoa eta/edo kirola egiten den bestelako barne-espazioak, izan kirolarientzat, laguntzaileentzat nahiz publikoarentzat.
- Kirol-instalazio itxiak, hala nola, estadioak, frontoiak edo antzekoak, sarrera kontrolatzeko sistema batekin (tiketak, abonamenduak, gonbidapenak, eta antzekoak) eta 100 pertsona baino gehiago bertaratuta lehiaketak egiten direnean.
- Ospitaleak, zentro soziosanitarioak eta espetxeak: ospitaleratutako pazienteak edo egoiliarrak bisitatzen dituzten pertsonak.
Bi salbuespen ezarri ditu dekretuak. Ziurtagiria erakusteko betekizuna ez da beharrezkoa izango 12 urtetik beherakoentzat; ezta, lokal horietako langileentzako, eraikinera lana egitera joaten direnean.
Dekretuak bestalde, zehazten du, establezimendu, ekitaldi, jarduera eta lekuaren titularra izango dela "gerta daitezkeen ez-betetzeen erantzule". Horrez gain, argitu dute establezimenduaren edo ekitaldiaren arduradun diren guztiek eska dezaketela ziurtagiria, baita agintaritzaren agenteek ere, espazio horietara sartzen direnean. Dokumentua "soilik egiaztatzeko unean" eskatu ahalko da, eta ezin izango da gorde edo parte-hartzaileen osasunari eragiten dioten datuen fitxategirik sortu.
Etengabeko jarraipena
Dekretuan jasotako neurriek 2022ko urtarrilaren 31ra arteko iraupena izango dute, eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren "etengabeko jarraipena eta ebaluazioa" egingo dutela aurreratu dute. Datu horien arabera, "luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi" ahal izango dira neurriok.