Luizi eta pitzadura artean, arazo ugari bailarako errepideetan

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 14a, 15:26

Azken egunetako euri handiek hainbat ondorio utzi dituzte bailarako errepideetan, nola bide nagusietan, hala bigarren mailako zein baserri bideetan. Uneotan, Arlaban, Udana eta Gorla itxita daude, eta arazoak dira, besteak beste, Elgetako eta Aretxabaletako bigarren mailako errepideetan. Martxan dira konponketa eta garbiketa lanak, eta hainbat gorabehera dira trafikoan zein autobus zerbitzuetan.

Eguenetik zapatura izandako euriteek hainbat ondorio utzi dituzte bailaran, eta kalteak zenbatzeko, konponketa lanei ekiteko zein inguruak garbitzeko baliatu dute asteburua hainbat debagoiendarrek. Badira, baina, uneotan arazo izaten jarraitzen duten hainbat ondorio; luizi eta pitzaduren eraginez, esaterako, errepide mozketekin eta trafiko zirkulazio baldintzekin hasi da aste berria.

Arlaban, Udana eta Gorla

Eskoriatza eta Landa lotzen dituen GI-627 errepidea, Oñati eta Legazpi lotzen dituen GI-2630 bidea eta Bergara eta Azkoitia arteko GI-3750 errepidea itxita daude uneotan. Egubakoitzean lehenaren kasuan, eta zapatuan bigarrenarenean, hainbat pitzadura eragin dituzte euri handiek; hirugarrenaren kasuan, aldiz, lur-jausia da bidea itxita izanaren kausa. Bide mozketek ondorio zuzena izan dute trafikoan zein autobus zerbitzuetan.

  • Arlaban: itxita dago errepidea, eta ibilgailuak Gatzagatik zein AP-1 errepidetik soilik lotu ditzakete bailara eta Araba. Auzotarrek badute bizitokira bitarteko errepide zatia erabiltzeko aukera.
  • Udana: antzekoa da kasua, bizilagunentzat salbu, itxita baita errepidea. Albo kalteak, baina, gehiago dira; hots, Deskargatik buelta lotu behar dira Oñati eta Legazpi, Arrasate eta Zumarraga lotzen duen autobusak -DG04 autobus linea- Arrasate eta Oñati artera mugatuko du zerbitzua, eta martitzenean Munazategiko biribilgunean jartzekoak diren semaforoak auto ilarak sor ditzake. Ikusteke dago Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ULMAk hartzen duten erabakia, lanak gauera pasatzea aztertzen ari baitira.
  • Gorla: Bergara eta Azkoitia lotzen dituen errepidea ere itxita dago; ondorioz, Elosura joateko Urola Kostatik joatea besterik ez dago. Halaber, auzoan bizi direnek badute bizitokira bitarteko errepide zatia erabiltzeko aukera.

Bigarren mailako errepideak

Hiru mendate hauez gain, beste bigarren mailako bidetan ere badira arazoak. Besteak beste, Elgetatik Kanpanzarrera bidean hainbat lupari dira, errepidea zabalik dagoen arren, edota Aretxabaletatik Urkulurako bidean semaforoa jarri behar izan dute, lur-jausiek errei bat oztopatzen dutelako.

Informazio eguneratu eta osatua Trafiko Zuzendaritzaren mapa honetan aurkitu liteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak