ALBISTEAK

Txarrera doa egoera; Debagoieneko intzidentzia-tasa 1.450,41ean kokatu da

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko abe. 6a, 13:42

Azken lau egunetan 406 positibo berri erregistratu dira, eta eskualdeko herri guztiak daude eremu gorrian.

Ez dago aldaketa nabarmenik pandemiaren bilakaerari dagokionean. Atzemandako positibo kopuruak gora egiten du etengabe, eta intzidentzia mailak ere bai.

Debagoienean 701 positibo erregistratu dira azken zazpi egunotan, 406 azken lau egunetan. Herriz herrikako banaketa hauxe da (zazpi eguneko datuak):

    • Antzuola: 9 (intzidentzia-tasa: 1.376,78).
    • Aramaio: 10 (intzidentzia-tasa 1.013,51).
    • Aretxabaleta: 64 (intzidentzia-tasa 1.129,94).
    • Arrasate: 331 (intzidentzia-tasa 1.861,24)
    • Bergara: 157 (intzidentzia-tasa 1.316,84).
    • Elgeta: 6 (intzidentzia-tasa 618,92).
    • Eskoriatza: 55 (intzidentzia-tasa 2.047,28).
    • Leintz Gatzaga: 1 (intzidentzia-tasa 427,35).
    • Oñati: 68 (intzidentzia-tasa 994,07).

Antzuola da erregistratutako positibo kopuruan behera egin duen Debagoieneko herri bakarra. Aurreko astean baino hamaika gutxiago izan dira honakoan. Gainerako guztietan gora egin du kopuruak, bereziki Arrasaten (251 gehiago), Bergaran (116 gehiago), Aretxabaletan (48 gehiago) edo Oñatin (22 gehiago).

Bederatzi herriak daude eremu gorrian, horietatik bost milatik gorako intzidentzia-tasarekin, Eskoriatza bi milatik gorakoarekin, Oñati milatik gertu eta gainerakoak 400dik gorakoarekin.

Eskualdeko intzidentzia-tasa 1.450,41ean kokatu da. Astelehenean 944koa zen, hortaz 506 puntu egin du gora bost egunotan.

Hego Euskal Herrian ere datuak gora

Hego Euskal Herriko datuetara etorrita 12.886 positibo erregistratu dira zazpi egunotan. Araban 1.474, Bizkaian 3.114, Gipuzkoan 4.921 eta Nafarroan 3.258.

Intzidentzia-tasa hamalau eguneko epean eta 100.000 biztanleko honakoak dira:

  • Nafarroa: 825
  • Araba: 707,43
  • Bizkaia: 432,36
  • Gipuzkoa: 1.177,17
  • Debagoiena: 1.450,41

Erietxeetan ere egoerak txarrera

Uneotan 375 gaixo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan koronabirusagatik ingresatuta; 266 EAEn eta 109 Nafarroan. Aurreko astean baino 53 gehiago dira.

Zaintza intentsiboko unitateetan 86 lagun daude larri; 70 EAEn eta 16 Nafarroan. Aurreko astean baino 17 gehiago.

Hildakoak zazpi egunotan 23 izan dira; 19 EAEn eta 4 Nafarroan. Aurreko astean baino bi gehiago.

Neurri murriztaile gehiago aztertzen

Eusko Jaurlaritza neurri murriztaile berriak aplikatzea aztertzen ari dela azaldu zuen atzo Euskal irrati telebistan Bingen Zupiria bozeramaileak. Zapatuan indarrean sartutako COVID ziurtagiria beste eremu batzuetara zabaltzeko aukera aztertzen ari direla azaldu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak