ALBISTEAK

Herritar beste iritzi, ziurtagiria indarrean egon den lehen asteburuan

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 5a, 19:59

Atzo goizean Eusko Jaurlaritzaren agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ostean, indarrean da EAEn gaueko aisiari eta jatetxeei lotuta dauden establezimenduetan COVID Ziurtagiri Digitala exijitzeko neurria. Lehen orduak igarota, 50 lagunetik gorako edukiera duten bailarako hainbat jatetxerekin jarri da harremanetan GOIENA. Herritar beste iritzi helarazi dizkigute; badira "ezjakintasuna" eta "kezka" dutenak, baita "aurrera jarraitzeko" neurria "egokia" dela uste dutenak ere.

"Ezjakintasuna da nagusi; ez dakizkigu zehazki zeintzuk diren gure betebehar eta mugak", adierazi dio GOIENAri jatetxe bateko arduradunak, telefonoz. Bada abokatu eta aholkularien artean bueltaka dabilenik, bai eta inguruko jatetxeei deitu eta nola egiten ari diren galdezka dabilenik ere.

Badira, baina, ostalarien elkartetik jarraibideak jaso eta bete beharrekoak "argi" dituztenak ere. Eta horien artean da Maider Larrañaga, Arteaga jatetxeko arduraduna. "Presaka egokitu behar izan dugun arren, ongi joan da lehen asteburua gure jatetxean", adierazi du. Covid Check aplikazioa deskargatu dute zerbitzariek mugikorrean, eta bezero berri bat heltzean, banan-banan egiaztatzen diete guztiei pasaportea: "Hamar segundoko lana da pertsona bakoitzeko. QR kodea irakurri, NANarekin izen-abizenak eta jaiotza-data egiaztatu, eta aurrera" . Eta bezeroen harreraz galdetuta, "oso positiboa" izan dela esan du, "zegokien bezala, guztiek ekarri baitute ziurtagiria, eta jarrera onarekin, gainera" .

Hainbat erreserba, bertan-behera

Bi aldeetako iritziek, baina, errealitate berean egin dute topo: erreserbak bertan behera uzten ari dira. "Datorren asteko bezero batek deitu dit, hamaika laguneko taldean txertatu gabe dagoen bat, eta ondorioz, ziurtagiririk ez duen bat dagoela esanez. Eta etortzen ez badira, zer?", galdetu du telefonoz bestalde ostalariak. "Erreserbetan igarriko da, eta guk ere igarriko dugu", esan du beste batek. Arteaga jatetxean ere bizi izan dituzte antzekoak lehen asteburuan. Hala ere, argi mintzatu da Larrañaga: "Lanean jarraitu nahi dugu, ez dugu berriz gelditu nahi. Beraz, neurri murriztaileagoak ezarri baino, nahiago dugu ziurtagiriarekin aurrera jarraitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak