219 erakusmahaitan banatutako 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelako, edo guztiak batuta, 990 euskal kultur nobedade. Hori izango da, zehazki, 56. Durangoko Azokan herritarrek eskuragai izango duten eskaintza. Abenduaren 4tik 8ra, 2019tik itxita zeuden ateak irekiko ditu berriz Gerediaga Elkarteak, Landako Guneko ateak, alegia. Egungo egoerak, baina, izango du eragina euskal kulturaren bilgunean.
Zintzo mintzatu da Gerediaga elkarteko koordinatzaile den Beñat Gaztelurrutia gaur goizean Durangoko Bartolome Ertzilla Musika Eskolan egindako agerraldian: "Ziur aski ez da izango guk nahi izango genukeen Azoka. Gure helburu nagusia aurtengo ekimena segurua izatea da; bisitari eta parte-hartzaile guztiak eroso sentitzea, euskal kulturaz modu seguruan gozatzea eta guztion osasuna lehenestea". Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokitu dute 56. edizioa.
Izena eman beharra
Aste hasieran Goienak iragarri bezala, Landako Gunera zein Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. 1.200 bisitariko eta ordu eta erdiko bost txanda egokitu dira, eta jan-edana debekatzeaz gain, musukoa jantzita izatea nahitaezkoa izango da. Astelehenean irekiko da izena emateko aukera durangokoazoka.eus webgunean.
Egitarau zabala
Neurriak neurri, egitarau zabala aurkeztu dute 56. edizio honetarako. Szenatokia gunean arte eszenikoarekin lotutako ikuskizun bat egongo da egunero; Irudienean 35 film ikusi ahal izango dira; Saguganbaran haurrei egokitutako tailer, ikuskizun eta ipuin kontalariak izango dira; Kabi@n hitzaldi labur, mahai-inguru eta jarduera ezberdinak egingo dira; musika eta literatura izango dira Ahotsenearen oinarri; Talaia gune berrian euskarazko literaturaz haragoko argitalpenak aurkeztuko dira; eta, azkenik, Azoka Telebistak egingo du egunerokoaren jarraipena. Goiena Telebistako langileak azken lantalde honetako partaide izango dira. Hona egitarau osoa ikusteko esteka.
Online denda
2020ko edizioan sareko azokaren molde berriak landu ziren, eta aurtengo edizioan ere aukera horri eustea erabaki du Gerediaga Elkarteak. Bide horretan, abenduaren 3tik 7ra online denda egongo da martxan Azokaren webgunean, eta Landako Gunean salgai egongo diren nobedade guztiak eskuratu ahal izango dira.