baDA! lelopean, urria hasieran aurkeztu zen Durangoko Azokaren 56. edizioa, eta pixkanaka, Gerediaga Elkartea hasi da Landako gunearen bueltan egingo diren kultur ekintzak definitzen. Horien artean, gaur eman dira jakitera Ahotsenea gunean taula gainera igoko diren 50 euskal musika taldeak.
Abenduaren 4tik 8ra, egunero 10 euskal musika talde zuzenean ikusteko aukera izango dute herritarrek; 11:00an joko dituzte lehen akordeak, eta 22:00rako amaituko dira emanaldiak. Azokako egunetarako propio irekiko den Plateruenan izango dira kontzertuak, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko, ezta aurrez izena eman ere. Antolatzaileen hitzetan, "aforoa bete arte" izango dute herritarrek antzokira sartzeko aukera.
Bailarako hamar
Bulego, Anari, Kai Nakai, Willis Drummond edota Liher izango dira, besteak beste, Plateruenan. Eta horien artean, baita bailarako 10 musika talde ere. Irekiera egunean, abenduaren 4an bertan, Serge eta Anita Parker ariko dira; abenduaren 6an, astelehena, Eñaut Zubizarreta Trigger eta Iker Martinez eta Zaldi Herrenak igoko dira oholtzara; Ekiñe, Konpost, Hegazkin eta Wood Strings-ek emango diete segida abenduaren 7an; eta azken egunean, berriz, Klak!son eta Screamers and Sinners talde debagoiendarrez gozatu ahal izango dute herritarrek. Durangoko Azokaren webgunean daude ikusgai talde guztien izenak, baita kontzertua eskainiko duten eguna ere.