"baDA!" lelopean, presentziala zein digitala izango da Durangoko Azokaren 56. edizioa

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 6a, 14:53

Hainbat erakundetako ordezkari bildu dira Durangoko Azokaren 56. edizioaren aurkezpen ekitaldian

Abenduaren 3tik 8ra izango da Durangoko Azokaren 56. edizioa. Gaur egin da aurkezpen ekitaldia, eta pasa den urteko online dendaz gain, aurrez aurreko azoka ere itzuliko da Landako gunera.

Gerediaga Elkarteko, hainbat erakunde publikotako zein ekimenaren babesle nagusietako ordezkarien presentziarekin, gaur aurkeztu da Landako gunean Durangoko Azokaren 56. edizioa. baDA! izan da Gerediaga Elkarteak aurtengo ekitaldirako hautatu duen leloa; Nerea Mugika elkarteko arduradunaren hitzetan, "herritar askok" egindako galderari erantzuna ematen dion leloa: "Aurten Azokarik bada? Bai, noski, baDA!".

56 urteko ibilbidean Azokak garai ezberdinetara egokitzeko izan duen gaitasunean jarri nahi izan du enfasia Mugikak, eta aurtengo edizioa ere "erronkatzat" definitu du. Izan ere, ohiko Azokaren formatua eta pandemiaren eraginez 2020an praktikan jarritako sareko moldea uztartuko ditu ekimenak.

Presentziala zein digitala

"Itzuliko dira erakusmahaiak, itzuliko dira korridoreak, itzuliko dira Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia; eta itzuliko dira, nola ez, kulturzaleak", adierazi du Gerediagako eledunak. Abenduaren 4tik 8ra irekiko dira 2019tik itxita egon diren Landako guneko ateak, eta herritarrek 152 parte hartzailek betetako 220 erakusmahai baino gehiagoz gozatzeko aukera izango dute.

Aurrez aurreko salmentez gain, baina, bigarren urtez Azokak online denda ere izango duela jakinarazi dute gaurko agerraldian. "Iazko esperientziari jarraipena emanez", Durangon fisikoki eskuragarri egongo diren liburu, disko, ikus-entzunezko, komiki eta abarrak norberaren etxetik eskuratzeko aukera ere izango dute kulturzaleek. Kasu honetan, abenduaren 3tik 7ra egongo da irekita Azoka digitala.

Desipuindegia, aurtengo kartela

Aurtengo ekitaldiaren xehetasunak emateaz gain, 56. edizio honetarako Leire Urbeltz sortzaile iruindarrak egindako kartela ere aurkeztu dute. Bere hitzetan, kartela diseinatzerakoan "Azokako lehenengo edizioak izan ditut gogoan, baina gaur egunera ekarrita, erronkaz beterik datorren pandemiaren osteko azoka berrasmatuz”. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak