Aurrez aurreko Azoka abenduaren 4tik 8ra antolatuko da. Landako Gunean 220 erakusmahai egongo dira, eta hainbat kultur ekitaldi antolatuko dira Durangon.
Osasun-neurrietara egokitu
Koronabirusaren hedapena dela eta, "kulturzale guztien segurtasuna bermatzeko asmoz" hartu dute erabakia Gerediaga elkarteak eta Durango Udalak. Landakon zein Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da maskara erabiltzea eta aldez aurretik izena ematea, Azokako webgunean sortuko den erreserba sistema baten bidez. Egunero, bost txanda egongo dira, 10:00etatik 20:00ak arte. Txanda batetik bestera espazioa guztiz hustuko da, eta guztira 1.200 lagunek izango dute Azokara sartzeko aukera.
Antolatzaileek nabarmendu dute kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza bera direla, eta honenbestez, bisitari guztiei ere arduraz jokatzeko deia egin diete: "Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa. Konpromiso horren baitan ere, osasun-neurriak zorroztasunez betetzea eskatu nahi dizuegu. Arduraz jokatu behar dugu, kulturaz gozatzen jarraitu behar dugu segurtasunez eta erantzukizunez. Iaz Azokako taupada bizirik mantentzea lortu genuen; aurten ere Azoka izatea nahi badugu, ezinbestekoa da denok arduraz jokatzea eta osasun-neurri guztiak betetzea. Eta txanda-sistema honek ematen duen segurtasuna bermatuz, kulturzaleak animatu nahi ditugu Landakon sartzeko hitzorduak hartzera".
Zuzenekoak
Abenduaren 4tik 8ra arte 50 kontzertu antolatu ditu Azokak Plateruenako eszenatokian. Ahotseneako kontzertuetarako ere izena eman beharko da aldez aurretik. Horrez gain, Plateruenan ez da ostalaritza zerbitzurik egongo eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu, ezta Landako Gunean ere.
Online dena
Abenduaren 3tik 7ra, online denda martxan jarriko da durangokoazoka.eus webgunean, eta Azokako hainbat ekitaldi streaming bidez jarraitu ahalko dira zuzenean. Durangoko Azokak, beraz, alde presentziala eta digitala uztartuko ditu edizio honetan.