Arrasateko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mondragon Taldeak, Mondragon Unibertsitateak, Konfekoopek, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta El Diario Vascok lehen aldiz antolatu duten Mondragon City Challenge izeneko lehiaketa azken fasera heldu da, eta egubakoitzean izango den final handia baino lehen, Arrasaten dira dagoeneko bertan parte hartu duten 18 taldetako gazteak. Gaur arratsaldean egin diete harrera Kulturaten izan den ekitaldian.
Arrasateko alkate Maria Ubarretxenaren esanetan herrian eta Debagoienean kooperatibismoak duen garrantzia ikusita, gazteei eredu hori zabaltzea eta era berean ekintzailetza sustatzea du helburu Mondragon City Challenge-k eta oso gustura daude izandako erantzunarekin. Euskal Herriko, Espainiako eta Amerikako hainbat herrialdetako 84 taldek hartu dute parte guztira ekimenean, eta gizartearen hiru erronkarekin zerikusia duten proiektu kooperatiboak landu behar izan dituzte. Klimatiko-energetikoa, digitalizazioa eta soziosanitarioa izan dira erronka horiek eta Ubarretxenak esan duenez, finalera heldu ala ez, horietako hainbat martxan daude dagoeneko.
Finala, egubakoitzean
Bi adin tartetan banatuta, sei izango dira guztira egubakoitzeko finalean parte hartuko duten taldeak, baina beste hamabi ere gurean izango dira egunotan kooperatibismoa, Arrasate eta Debagoiena bertatik bertara ezagutzeko.
Gaur egin zaien ongietorri ekitaldian Ubarretxenak berak hartu du hitza, baita Mondragon Taldeko Hedapen Kooperatiboaren arduradun Ander Etxeberriak eta Esko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren zuzendari Jokin Diazek ere. Azken honek gazteek kooperatibismoa ezagutzearen garrantzia azpimarratu du.