Herrietako supermerkatuetan egongo dira tarte horretan, eta bailaran 100 boluntariotik gora behar dituzte lanaldi horiek ahalik eta orekatuenak izan daitezen. Hortarako interesa dutenek 943 76 21 90 telefonora dei dezakete, astelehenetik ostiralera, 09:00ak eta 13:00ak artean.
Pandemia iritsi arte azaro amaierako ekimenean herritarrek eurek ematen zituzten elikagaiak dohaintzan, baina kontaktu fisikoa saihestu guran, bonu bidezko ekarpenak jasotzeko erabakia hartu zuten iaz, eta beste horrenbeste egingo dute aurten.
Elikagai Bankuko kideek nabarmendu dute Gipuzkoako Elikagai Bankuak Donostian jasotzen duen jakien %30a Bergarako plantak kudeatzen dituen eremuetatik iristen dela; beste %70a Oiartzungo pabiloitik heltzen da. Aurtengo udaberrian iazko udaberrian jasotakoaren %44a bildu dute, beraz, datozen kanpainei begira jendearen erantzuna apartekoa izatea espero dute.
Elkarteko kideak 2012tik ari dira San Juan auzoko pabiloian lanean, eta adierazi dute "instituzioek" egin beharko luketela norberak borondatez egiten duen lan hori, "elikagaiak euren kabuz lortu ezin dituzten pertsonek babes publikoa" izan beharko luketela argudiatuta.