HEMEN DEBAGOIENA

"Domina hau baino zailagoa da profesional izatera iristea"

Xabier Urtzelai 2021ko urr. 29a, 20:00

Ander Murua eta Manex Balerdi 23 urtez azpiko munduko txapeldun dira. Hala, duela urte batzuk Beñat Rezusta bergararrak eta geroago Ibai Bolinaga arrasatearrak irabazitako dominak ostera ere ekarri dituzte Debagoienera. Segovian eta Valladoliden egin duten txapelketako esperientzia ederra izan dela diote. Hori bai, pilotan ibilbide profesionala egin ahal izatea beste kontu bat dela nabarmendu dute biek. 

Munduko txapeldun zarete. Berba potoloak dira horiek.

Manex Balerdi: Bai; izenak berak dio garrantzi handiko txapelketa irabazi dugula; egunero ez da halako bat irabazten, baina egia da Euskal Herriko beste torneo batzuetan normalean maila handiagoko pilotarien kontra jokatzen dugula. Partiduak nahiko erraz irabazi gehituen, baina txapelketa garrantzitsua da, bai.

Txapelak irabazterakoan, presioa kendu zenuten gainetik?

Ander Murua: Presioa kendu baino gehiago, poztasun galanta sentitu genuen. Hilabeteak egin genituen torneo hori prestatzen; Espainiako selekzioan hautatuen artean egotea ez zen erraza izan, eta egia da helburua urrezko domina lortzea zela. Horregatik guztiagatik, poztasuna izan zen sentitu genuena. Gainera, Mexiko zen kontrario gogorrena, eta finalean eurak izan genituen aurrean. Faboritoak geu ginen, baina ez zen partidu erraza izan.

Ander, finalean mexikarren kontra garaipena eman zizuen tantoaren osteko ospakizunak erakutsi zuen tentsio handia izan zenutela.

A.M.: Urduri hasi nuen partidua; final askotan egondakoak gara, baina ez halako txapelketa handi batean. Hala, 9-4 irabazten gindoazenean, mexikarrak gerturatu egin zitzaizkigun eta zortzigarren tantoa ere egin zuten, eta hor beldurtu ginen apur bat. Zorionez, lehenengo set-a irabazteko behar genuen tantoa egin genuen eta bigarren set-ean lasaiago ibili ginen.

Manex, lastima, ezin izan zenuen finalean Anderrekin bikotea osatu.

M.B.: Bai, pena eman zidan finala jokatu ez izanak, baina pozik nago selekzioan egin dugun ekarpenarekin; azken batean, guztion lanaren emaitza izan da txapel hau. Hautatzaileak erabaki zuen ze bikotek jokatu behar zuen finala; hasieran, amorrua ematen dizu hor ez egoteak, baina erabakia onartu eta harmailetan prest egoten saiatzen zara, edozer gertatuz gero kantxara irten behar duzulako, ordezko. Ondorengo ospakizunak ere ederrak izan ziren.

Halako txapelketa bat irabazteak lagundu egiten du profesionalismora begira? Beñat Rezustak bide hori egin zuen...

M.B.: Bueno, gure curriculumean geratuko den zerbait da, baina profesionalismoa berba potoloa da. Orain momentuan, Beñat Rezusta oso urrun dago, sekulako maila duen pilotaria da, eta gu beste maila batean gaude.

A.M.: Errazagoa da Munduko Txapelketa irabaztea profesional mailara iristea baino. Gora iristen lagunduko du honek, baina...

M.B.: Txapelketa honetan. zailena zen bertan egotea; alegia, selekzioan aukeratuen artean egotea. Behin txapelketan egonda, kontrarioen maila ez da handia izan. Torneoa irabazteko faboritoak ginen, eta urrea jantzita bueltatu gara.

Zer ekarri duzue torneotik, txapelez harago?

A.M.: Esperientzia ederra izan da; hamar egun egin ditugu hango egoitza batean, eta selekzio guztietako pilotariak izan gara elkarrekin.

M.B.: Oso ondo egon gara, oso gutxik dute halako esperientzia bat bizi izateko aukera.

Pilota denboraldiak, baina, aurrera jarraitzen du.

A.M.: Gipuzkoako txapelketa amaitzea geratzen zaigu orain, eta ondoren, inguruan torneo mordoa izaten dira.

Eta Herri Arteko Txapelketa da etorriko den horietako bat. Antzuolak eta Arrasatek ez dute ordezkaritzarik izango.

A.M.: Pena da, baina ez dugu gure herriko klubarekin jokatzerik izango, kadete eta gazte mailetan ez ditugulako pilotariak.

Amaitzeko: baduzue profesionaletara iristeko esperantzarik?

M.B.: Nik uste dut txikitatik hor gabiltzan guztiok izan dugula inoiz profesional mailara iristeko ametsa, jakinda oso-oso zaila den zerbait dela.

A.M.: Ados nago; ikusi baino ez dago gaur egungo profesionalek zer-nolako maila duten, oso maila onean daude goian daudenak. Baina ez dugu esperantza galduko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak