Kanpanzarko errepideko zati estuena zabalduko du Aldundiak urtebete barru

Hasier Larrea 2021ko urr. 27a, 12:52

Sara merenderotik Kanpanzarrera arteko tartean egingo dituzte lanak. Zati askotan plataformaren zabalera ez da zazpi metrora iristen. Asmoa bederatzi metroraino zabaltzea izango da. Sei hilabeteko iraupena eta 1,2 milioi euroko aurrekontua izango dute lanek. 2023ko udaberrirako prest egotea aurreikusten dute.

Kanpanzarrera doan errepidearen zatirik estu eta bihurgunetsuena hobetuko duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eman du berria. Proiektua onartu du Aldundiak, eta orain alegazioak aurkezteko epea irekiko dute. Dena ondo bidean eta behin obraren esleipena eginda, datorren urteko udazkenean hasi nahi dute egokitzapenak egiten.

Maria Ubarretxena alkatea esker oneko agertu da Foru Aldundiarekin: "Ibilgailuen erabiltzaileen segurtasuna hobetuko du".

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur iragarri du Kanpanzartik Elorriorako errepidearen hirugarren errailaren obren bigarren faseari urte amaieran ekingo diotela.

Kanpanzarren tunela egiteko proiektua

Beasain-Durango ardatzari dagokion epe luzerako plana ere izan dute berbagai. Gipuzkoa eta Bizkaia lotzeko proiektu potoloa da, 120 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egitea aurreikusiko lukeena. Hori gauzatzeko Kanpanzarko mendatean tunela egitea beharrezkoa ikusten dute: "Baina ingurumen legediak aldatu egin direla-eta, berriz aztertuko dugu egitasmoa", adierazi du Aintzane Oiarbidek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak