Esku-frenoa jarri dute Avanzako gidariek

Uxue Igarza Loiola 2021ko urr. 22a, 18:30

Azken hilabeteetan "era guztietako erasoak" jasan dituztela salatu dute Gipuzkoako autobus gidariek, eta lanuzteak egin dituzte aste honetan. Avanza enpresari eta Foru Aldundiari euren segurtasuna bermatzeko eskaera egin diete, besteak beste.

Hilaren 3an bezero batek eraso egin ziola salatu du Avanza Gipuzkoa enpresako autobus gidari batek. Gehitu du hori izan dela eskualdeko azkena, baina ez dela inondik inora ere "kasu isolatu bat". Errespetu-faltak, irainak, mehatxuak edota ibilgailuari kalteak eragitea "ohiko" bihurtzen ari direla salatu dute gidariek aste honetan.

Astelehenean lehenengo lanuztea egin zuten eta gaur, egubakoitza, bigarrena: 06:00etatik 08:00etara eta 18:00etatik 20:00etara ez da zerbitzurik izango lehen Pesa izenez ezagutzen ziren autobus-lineetan. Horrez gain, astelehenean gidariek elkarretaratzea egin zuten Arrasaten, Debagoieneko Ospitaleko geltoki berrian. Egunerokotasunean –eta, batez ere, Debagoieneko herrietan– jasaten dituzten egoerak "geroz eta bortitzagoak eta arriskutsuagoak" direla jakinarazi zuten.

Galder Arrillaga gidariak azaldutakoaren arabera, dagoeneko "erabat ohituta" daude zenbait bezeroren irainetara eta errespetu-faltara, baina egunetik egunera egoera "gaiztotzen" ari dela azpimarratu du, eta duela lauzpabost urtetik hona "marra gorri guztiak" gainditu direla. Labanarekin mehatxu egitea edota autobusa zerra batekin apurtzea dira, besteak beste, azken hilabeteetan jasan behar izan dituzten egoeretako batzuk. Halaber, argitu nahi izan dute erasoak "gauez nahiz egunez" izaten direla, eta ez dagoela eraso egiten dutenen profil zehatzik. "Ez da gazteen kontua, ezta gauez mozkortuta bidaiatzen dutenena ere. Egunero, edozein momentutan, pairatzen ditugu egoera bortitzak, eta, modu batera edo bestera, adin-tarte guztietako jendea izaten da eraso egiten diguna", argitu nahi izan du Arrillagak.

Debagoiena, "arriskutsuena"

Gidari guztiak ados daude: Debagoiena zeharkatzen duten zerbitzuetan jasaten dituzte eraso gehien. "Ez dakigu zergatik den, baina, ematen duenez, hemen inguruan oso barneratuta dago gidarien kontra egitea", diote elkarretaratzean batutako langileek. "Alde handia dago eskualdeen artean", baieztatu dute. Autobusa bete eta lekurik gabe geratu direlako edota lineaz nahastu direlako haserretzen dira batzuk: "Gertatzen dena gertatzen dela, joera gidariaren kontra egitea da".

"Lasai" jarduteko eskaera

Avanza Gipuzkoa enpresari eta Foru Aldundiari euren segurtasuna bermatzeko eskatu diete gidariek. "Gure lana lasai egin ahal izatea nahi dugu, eta horretarako hainbat proposamen daude mahai gainean: kabina itxiak egitea, segurtasun pribatua jartzea zerbitzu jakinetan... Bakoitzak bere proposamenak egin ditu", esan du Arrillagak. Nolanahi ere, langileen esanetan, enpresak eta Aldundiak ez dute hitz egiteko prestutasunik erakutsi, eta hori ere "langileekiko erasotzat" jo dute.

Horri lotuta, egoerari irtenbiderik eman ezean egun osoko grebak egingo dituztela aurreratu du Arrillagak: "Egoerak gainditu egiten gaitu eta horrela ezin da zerbitzua ganoraz egin". Bide batez, gidariek "barkamena" eskatu diete lanuzteen ondorioz kaltetutako erabiltzaileei: "Badakigu lanuzteekin bidaiariei kalte egiten diegula, eta barkamena eskatu nahi dugu. Pena da, baina, zoritxarrez, ez dugu beste aukerarik".

Era berean, beste mezu bat ere helarazi nahi izan diete autobusa hartzen dutenei: "Zerbitzuaren inguruko kexak edo eragozpenak izanez gero, hori jakinarazteko bidea ez da gidariarengana haserre zuzentzea". Erreklamazioak enpresara deituta egin behar direla adierazi dute autobus gidariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak