Batzen gaituen distantzia saretzera dator

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 20a, 19:48

0km, batzen gaituen distantzia lelopean, komunitatea errotzean, osatzean eta indartzean jarri nahi du fokua Goiena Komunikazio Taldearen Goienakide egitasmoak. Euskara eta komunikazioa ardatz, herritarren saretzetik jauzi bat ematea du xede proiektuak; komertzio, elkarte eta enpresak ehuntzera igarotzeko jauzia. Gaur egin da jendaurreko aurkezpena Biteri Plazan.

Hamarnaka herritar, erakundeetako ordezkari eta Goienako langileren aurrean aurkeztu da Goienakide proiektua. 0km, batzen gaituen distantzia lelopean, euskararen normalizazioan eragitea, komunitatea errotzea, sendotzea eta handitzea zein herrigintza aktibatzea ditu bide orri nagusi egitasmoak.

Kaitin Allende komediante arrasatearraren bakarrizketak kendu dizkio hautsak oholtzari; Jone Olabarria aurkezleak adierazi bezala, "umoreak edozein zalantza, urduritasun edota emozio uxatzeko balio baitu". Proiektuaren manifestua edota printzipioen eta asmoen bilduma irakurtzeko, aldiz, 21 urteko ibilbidean Goiena Komunikazio Taldeak izan dituen hiru presidenteak deitu ditu oholtzara Olabarriak.

Eskualde bizi baten taupada

"Bertakoa ez ezik, gertukoa ere eskaintzen du Goienak", ekin dio manifestuaren irakurketari Estepan Plazaolak, Goiena Komunikazio Taldearen lehen presidenteak. "Betikotik atera eta eskaintza bizigarri bezain berritzailea jartzen du debagoiendarren eskura; eskualdea josteko, batzeko", borobildu.

Ezkerretik eskuinera, Aitor Izagirre, Monika Belastegi eta Estepan Plazaola, ekitaldia hasi aurretik.

Bigarren presidente izan zen Aitor Izagirrek hartu du ostean hitza, eta proiektuak eskualdeak ematen dituen aukerei bide emango diela adierazi du, Goienakide "eskualde bizi horren taupada" izango dela adieraziz; "eragiten duena, bizia ematen diona", beste hitz batzuetan.

Monika Belastegik hartu die lekukoa, gaur egungo presidenteak, hain zuzen, eta tokikotasunean zein norbanako, komertzio, elkarte eta enpresetan jarri du enfasia, egitasmoaren leloarekin amaituz: "0km, batzen gaituen distantzia".

Bidea eginez eta eraginez

AZK komunikazio agentziak egindako spotak eman dio segida ekitaldiari; erakunde arrasatearra izan da proiektuaren komunikazio planaren egilea, iruditegia eta spota barne, eta kanpainaren koordinazioan eta jarraipenean ere Goienaren bidaide izango da.

 

Hitzetatik ekintzetara

Zero kilometro filosofia praktikara eramanez, Garazi Barrena eta Asier Sala musikari arrasatearrek eskainitako emanaldiaz gozatu ahal izan dute Biteri Plazara hurbildu diren herritarrek. Alta, ez da tokikoari egindako keinu bakarra izan, ezta gozatzeko eta erraiak egonkortzeko beta bakarra ere; izan ere, Errigora ekimeneko saski baten zozketa egin da bertaratutakoen artean, baita landare bihurtzen diren hazi txartelak banatu ere.

Asier Sala eta Garazi Barrena, emanaldiko une batean.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak