21 urteko ibilbidean debagoiendarren erreferentziazko komunikabidea izan da Goiena. Bailarako bederatzi herrietako kontuak lau haizetara zabaltzeko lan egiten du, herritarren ahotsa lehenetsiz eta tokian tokiko albisteen aldeko apustua eginez. Proiektua egonkortzeko, udalen, euskara elkarteen eta bestelako instituzioen babesaz gain, beste eragile batzuen hauspoa behar-beharrezkoa zaio; hala, norbanako, entitate eta enpresa ugarik jartzen dute euren alea, guztien artean geroz eta komunitate sendoagoa osatzeko. Zehatz esateko, 4.000 lagunen babes ekonomikoa jasotzen du Goienak gaur egun.
'Zero kilometro' filosofia
Hori horrela, egindakoarekin konformatzea ez da kooperatibaren planetan sartzen. Hazten jarraitu nahi du, egungo beharrizanetara egokitzen eta etorkizuneko erronketara moldatzen. Hasierako filosofia aintzat hartuta. Horrekin lotuta, Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak honako hau azaldu du: "Komunikazioan ere, elikaduran bezala, bertan sortu, banatu eta kontsumitutakoa askoz ere osasungarriagoa eta jasangarriagoa da munduko beste puntatik ekarri beharrekoa baino".
Komunitatea indartzen jarraitzeko apustua berretsiko du modu horretan
Eta elikagai osasuntsuekin gertatzen den bezala, zaindu egin behar da ekoizpen prozesua. Hor Goiena barruko langileek eta kanpoko kolaboratzaileek parte hartzen dute, azken emaitzak ahalik eta kalitate handiena izan dezan. Esan gabe doa emaitza horren hartzaileak direla herritarrak, webgunean, sare sozialetan, Goiena telebistan, Arrasate Irratian eta aldizkari fisikoetan –GOIENA aldizkaria eta Puntua– zein digitaletan –Ttap– edukita egunerokotasuneko gaiak kontsultatzeko aukera.
Goiena Klubetik Goienakidera
Guztiek dute bermatuta eskubide hori, baina Goienako bazkideek badituzte abantaila esklusiboagoak. Adibidez, Puntua aldizkaria jasotzen dute ostiralero GOIENA aldizkariarekin batera, aisialdiarekin zerikusia duten zozketetan parte hartzen dute, eta Goiena aplikazioan inon baino azkarrago ikus ditzakete argitaratzen diren edukiak. Orain arte, bazkideak Goiena Klubeko kideak izan dira, baina hemendik aurrera Goienakide izatera pasako dira. Aldaketa hori gauzatzeko lantalde bat dabil martxoa ezkero buru-belarri lanean, eta datorren asteazkenean, hilaren 20an, egingo du fase berri horren aurkezpena, Arrasateko Biteri plazan. Bertan emango dute hemendik aurrerako nobedade guztien berri.
Etengabeko bilakaera
Izan ere, Goienak esperientzia handia du unean uneko egoeretara moldatzeko orduan. 2000. urtean sortu zen, Debagoieneko herrietan martxan zeuden euskara elkarteek sustatuta eta herriz herriko komunikabideen baturatik. Zehazki, Arrasate Press, Berrigara, Goibekokale, Aretxagazeta, Kontuola eta Ze Barri? aldizkarietako lankideak batu ziren Debagoieneko proiektu bateratua osatzeko.
2003an, ostiraleko paperezko edizioaz gain, astelehenetako aldizkaria ere kaleratzen hasi zen, Goienako bazkideek asteburuan jazotako albisteak astea hastearekin bat jaso zitzaten.
2015ean astelehenetako aldizkaria Puntua aldizkariarekin ordezkatu zuten; ordurako ondo garatuta zeukan webgunea Goienak, eta irakurleek bertara jotzen zuten sarritan edukiak irakurri edota ikus-entzuteko. Puntua aldizkariarekin, harpidedunek modu landuago eta teknikoagoan zeukaten bailararekin zerikusia zuten gaiak eta pertsonak ezagutzeko aukera, eta gaur egun ere hutsik egin gabe jasotzen dute Puntua astekaria irakurle harpidedunek.
Gainera, sorreratik eduki du telebistako katea, Goiena telebista, lehen GoiTB deitzen zena. Arrasate Telebistak eta Atxabalta Telebistak pilatutako esperientzia baliatu zituen lehen pauso haiek ematerakoan.
Sareak ehuntzen
Komunitateko kideekin harremanetan aritu dira Idurre Ezpeleta eta Jon Irizar kazetariak. AZK-ko langilea bata eta Goienakoa bestea, biek nabarmendu dute komertzio, elkarte eta enpresengana iritsi nahi izan dutela: "Modu batera edo bestera, agente horiek ere eragin zuzena dutelako euskararen normalizazioan, komunitatean, herrigintzan zein herritarren aktibazioan".
Goienakide kanpainarekin, babesle gehiago izatera pasa nahi du Goienak
Esan bezala, zazpi hilabetez jardun du komunikazio taldeak Goienakide proiektua diseinatzen. Prozesu hori ez du bakarrik egin, AZK enpresaren eskarmentuaz baliatu baita marka eta komunikazio plan berria definitzeko. Agurtzane Elkoro da AZKn bezeroen kudeaketa, estrategia eta planifikazio arduraduna, eta berak koordinatu ditu egitekoak: "Hasteko, bilerak egin genituen Goienako zuzendaritzarekin, dagoeneko bazkide diren entitateekin, oraingoz bazkide ez direnekin eta kirol zein kultur elkarteekin, bakoitzaren ikuspuntuak jakiteko; herrigintza bultzatu eta aliantzak sustatzea bada asmoa, norabide berean jarri behar dugu, bailara handi honek behar handiak dauzkalako", adierazi du Elkorok. Bide batez, aukeratu duten leloak –0km, batzen gaituen distantzia– bailarari berari egiten diola erreferentzia gaineratu du: "Debagoiendar izatearen sentimendua indartu nahi dugu, euskaratik eta euskaraz saretuz eskualdea".
Publizitatea, begi bistan
Datozen egunetan Goienakideren komunikazio kanpainaren berri izango du komunikabidearen kontsumitzailea den pertsona orok. Mireia Larrañagak, Goienako zuzendari komertzialak, adierazi du "erreferentzialtasuna duten pertsonak" erakutsiko dituztela Goienako kanaletan: "Hau da, harpidedun berriak identifikatuta sentitzeko moduko jendea". Hala, etxean telebista ikusten, mendian Puntua aldizkaria irakurtzen edo paseoan mugikorreko aplikazioa begiratzen agertuko dira protagonista horiek, "Goienako harpidedun profil zehatzik gabeko jendea izan daitekeela" erakusteko.
Hilero kultur eta kirol ekitaldiak antolatuko ditu, bailarako herri guztietatik igaroz
Ekitaldi bereziak
Egongo diren aldaketei buruz galdetuta, hemendik eta uztailera bitartean, hilero ekintza ezberdinak egingo direla aurreratu dute Ezpeletak eta Irizarrek: "Kirol ekitaldiak, bertso saioak, hitzaldiak, kontzertuak eta formakuntzak antolatuko ditugu, Goienakideek goza ditzaten". Bailarako bederatzi herrietan programatuko dituzte aisialdiko hitzordu horiek; lehena, esan bezala, Arrasaten izango da, eta bigarrena, Oñatin, hilaren 30ean.
Aisialdiko ekitaldiek, beraz, Goiena hauspotzen duten norbanako eta kolektiboek harremanak sendotzeko helburua izango dute. Modu horretan, lehendik harpidedunak zirenak ere mimatu nahi ditu Goienak. Goienakide izateko interesa agertzen dutenei begira, bestalde, beste argudio bat gehiago emango die proiektu komunikatiboaren alde egiteko.