Informazioarekin datoz abantailak, zozketak eta ekitaldi esklusiboak

Jon Irizar Aranguren 2021ko urr. 19a, 12:06

Abantailak, zozketak eta ekitaldi esklusiboak izango dituzte, besteak beste, Goienakide egiten diren norbanakoek. Enpresek eta elkarteek ere jasoko dituzte eurendako propio diseinatutako onurak, Goienakide izatearen abantailak. Bihar, urriak 20, aurkeztuko da proiektua Biteri Plazan (18:00)

Gertuko eta gaurkotasunarekin lotutako informazioa eskaintzen die, euskaraz, Goienak herritarrei. Horrelaxe egingo du aurrerantzean ere, herritarrekin, komunitatearekin batera, eta makina bat abantaila eskainiko die Goienakide egiten diren norbanako zein enpresa edo elkarteei. Zero kilometrokoa den informazioa eskura, egunero, hainbat euskarritan eta Goienakideendako onurekin. Bihar, urriak 20, aurkeztuko da proiektua Biteri Plazan (18:00), eta nahitaezkoa ez den arren, irekita dago izen-ematea.

Goienaren aplikazioa jaitsita, eduki guztiak izango dituzte erabilgarri

Goienakideek, batetik, doan jasoko dituzte egubakoitzetan argitaratuko diren GOIENA eta Puntua aldizkariak, biak. Horrez gain, baina, erabilgarri izango dituzte webguneko eta app-eko eduki guztiak. Beste edozein aplikazio jaisten den moduan jaitsi eta instalatu ahal da Goienaren aplikazioa eskuko telefonoan, eta bertatik sarera igotako informazio guztia izango dute eskura. Irudiak, gainera –argazkiak, esaterako–, kalitate gorenean jaitsi ahal izango dituzte.

Abantailak eta zozketak

Debagoieneko hainbat zerbitzutan, Arrasateko Meka gasolindegian, esaterako, deskontuak izango ditu Goienakide egiten dena,k eta beste makina bat zozketatan ere parte hartu ahal izango du; adibidez: bi lagunendako jatorduak bailarako jatetxeetan, Arrikrutz kobak ikusteko sarrerak, tableta bat edo irakurgailu elektroniko bat, kasuan kasu. Abantaila ekonomikoen artean daude, esaterako, harpidetzak berak duen hobari fiskala edo edozein euskarritan jarri gura diren eskelen prezioak; gutxiago ordainduko dute Goienakideek.

Onura fiskalak

Harpidetza sistemaren bidez egiten da norbanako edo negozio zein elkarte bat Goienakide. Urtean kuota bat ordaintzea eskatzen du harpide egiteak, baina, horrek dituen abantailez gain, harpidetza kuotaren zati bat bueltan jasotzen du Goienakide egiten denak; izan ere, onura fiskalak ditu. Hau da, errenta aitorpena egiterakoan, Goienakideren agiria aurkeztu eta bueltan jasotzen da ordaindutakoaren %30.

Norbanakoek kuotaren %30a jasoko dute bueltan, eta enpresek, %45a

Goiena interes sozialeko proiektu gisa izendatuta dagoelako da hori. Horixe hartzen du kontuan Aldundiko Ogasun Sailak hobari fiskala aplikatzeko. Eta Goienakide den norbaiten errenta aitorpena jasotzean, harpidetza hori kontutan hartu eta kuotaren %30 aplikatzen zaio. Herritar arrunten kasuan, adibidez, gertatzen da hori: 60 euroko harpidetza ordaintzen ditu urte hasieran, baina errenta aitorpena egiteko sasoian berreskuratu egiten du kopuru horren zati bat, %30. Enpresa, negozio eta elkarteetan ere aplikatzen da hobari fiskala, baina bakoitzari dagokiona da kasu horietan. Ogasunak, enpresaren gaineko zerga egiterakoan eta enpresaren zerga tasaren arabera, kopuruaren zenbateko bat bueltatuko dio enpresari.

Urtean ordaintzen den kuotaren zati bat baino ez da, beraz, harpidetzarako; Goienakide izatearen beste abantaila bat.

Emanaldi esklusiboak

Hilabete honetatik aurrera, gainera, abantaila gehiago ditu Goienakide izateak. Adibidez, emanaldi eta ekitaldiak antolatuko dira, hilean behin. Besteak beste, hitzaldiak, formakuntzak, kontzertuak, ekitaldiak eta albisteen bidalketak. Hilean behin, eta hilabete bakoitzean Debagoieneko herri ezberdin batean egingo dira.

Goienakideendako propio antolatutakoak izango dira batzuk, gainerakoek baino abantaila handiagoak izanik. Izan ere, eurendako bakarrik antolatutako emanaldiak izango dira. Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen kontzertua da, esaterako, modu horretara antolatuko den lehen emanaldia. Urriaren amaieran, hilaren 30ean, Arantzazuko Goiko Benta ostatuko ganbaran eskainiko duena.

Urriko hori izango da lehena, baina ez azkena. Gehiago ere izango dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak