Goienakide proiektuaren baitako lehen ekitaldia eguaztenean, hilak 20, arratsaldeko seietan egingo dute Arrasateko Biteri plazan. Bertan Goienako bazkideak eta harpidedunak batuko dira, baina, aire zabalean izango denez, herritar orok jarraitu ahalko du bertatik bertara.
Kaitin Allenderen bakarrizketarekin emango zaio hasiera ekitaldiari, eta Goienako lankide batek aurkezpen lanak egin ostean, Goienakideren manifestua irakurriko dute Goienaren 21 urteko ibilbidean presidente lanetan aritu diren hiru kideek; Estepan Plazaolak, Aitor Izagirrek eta Monika Belastegik, hain zuzen.
Emanaldi akustikoa
Kanpainaren spota aurkeztu ostean, bosgarren pilula Garazi Barrenaren eta Asier Salaren eskutik etorriko da, kontzertu laburra joko baitute ikus-entzuleen aurrean. Oihane Agirre, Goiena telebistako programazio arduraduna, izan da ekitaldia antolatzen aritu denetako bat. Musikariak aurkezpenari ukitu kulturala emateko asmoz gonbidatu dituztela aipatu du: "Garazi Barrena aktibo dabil azkenaldian, eta Asier Salak eta biek hainbat kolaborazio egin izan dituzte; proposatzen duten formatu akustikoa egokia iruditu zitzaigun aurkezpen ekitaldia borobiltzeko, eta proposamena egin eta onartu egin zuten. Pozik gaude, beraz, harpidedun berriak erakartzeko kanpainaren aurkezpenean parte hartuko dutelako".
Errigorako saskiaren zozketa
Ordu erdi inguruko saioari amaiera emateko, Goienako harpidedunek parte hartu ohi duten ekimenetako batean jarriko da fokua: zozketan, hain zuzen. Oraingoan, ordea, Biterira gerturatzen den edonork eman ahalko du izena. Zozketan parte hartzeko, eskuorri batean norbere datuak bete besterik ez da egin beharko. Hala, zenbaki irabazlea duen pertsonak Nafarroako sasoiko produktuz osatutako otarrea eramango du etxera.
Izen-ematea, irekita
Irekita dago jada ekitaldian izena emateko aukera. Ez da ezinbestekoa aurrez izen-emate orria betetzea; hau da, aipatutako galdetegia bete edo ez, nahi duen herritar orok du bertaratzeko aukera. Hala ere, egungo osasun eta segurtasun arauak behar bezala bermatzeko aurrez izena emateko deia egin dute proiektuaren kudeatzaileek.