Leintz bailarako 400 familiarendako energia berriztagarria sortuko da Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2021ko urr. 14a, 14:42

Energiaren Euskal Erakundeak eta Ekiola kooperatibak Leintz bailarako Ekiola aurkeztu dute goizean Arrasaten. Zero kilometroko energia berriztagarria sortzea izango da proiektuaren helburua eta Garaia Berrikuntza Guneko lurretan, LKSren egoitza parean, kokatuko da eguzki-parkea. Ekitaldian parte hartu dute Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako alkateek, ekimenarekiko euren konpromisoa adierazteko.

Kooperatiben sehaskan kooperatiba berri bat sortzen ari direla adierazi du Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta Ekiolak berak bakarrik energia alorreko arazoak konponduko ez baditu ere, bere aletxoa jarriko duela. 

Bailaran kontsumitzen den energiaren %95 baino gehiago kanpotik datorrela eta zati handi baten jatorria, gainera, fosilak direla kontuan izanik, trantsizio energetikoa lehentasunezko erronka dela azaldu du Debagoiena 2030 sareko koordinatzaile Elena Herrartek eta Ekiolak lagunduko duela horretan: bertan kontsumituko den energia bertan sortuko da, modu berriztagarri batean, eta kudeatu ere bertatik egingo da.

Leintz bailarako udalek eredu aldaketa horrekiko apustu irmoa egiten dutela adierazi du Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak eta adostasunera ailegatzeko gai izan izana jarri du balioan.

Urtebete barru erabilgarri

Hektarea bateko lurzorua hartuko du eguzki-parkeak, bertan egongo dira argindarra sortzeko plaka fotovoltaikoak eta 400-450 familiaren energia beharrak asetzeko beste energia sortuko dute. Aurreikuspenen arabera, bederatzi bat hilabete beharko dituzte tramitazioak egin eta baimenak lortzeko eta beste hiru instalakuntza bera eraikitzeko; LKS Krean arduratuko da egiteko horietaz, Energiaren Euskal Erakundearekin batera. Azpiegitura erabilgarri egongo da urtebeteko epean eta orduantxe izango da gizarteratzeko unea ere: herritarrei proiektua bera eta funtzionamendua azaltzeko momentua.

Proiektuaren sustatzaileekin eta bazkideekin batera, aurkezpen ekitaldian izan dira Ingurumen foru-diputatua eta Fagor taldeko eta Garaia berrikuntza guneko ordezkariak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak