2021ean zehar zazpi izan dira Garaia Parke teknologikoan lanean hasi diren enpresak, eta gaur goizean egindako topaketan, horietako lauk euren jarduna aurkeztu diete aurrez bertan kokatuta zeuden enpresetako ordezkariei.
"Garaiaren helburuetako bat da bertan dauden enpresen artean harremanak sortzea, baita beraien arteko aukerak sortzea ere. Gaur, azkenaldian gehitu diren enpresetako lau aurkeztu ditugu, eta euren zerbitzuen berri eman diete gainerako enpresei", azaldu Garaiko Negozio garapenerako arduradun Idurre Albizuk.
Askotariko enpresak
3D inpresioekin lan egiten duen Excelencia-Tech da azkenaldian Garaian kokatu den enpresetako bat. Orain hiru hilabete hasi zuten Garaian euren lana, enpresako kide Miguel Vanegasen esanetan, bezeroekin "gertutasuna" lortzeko: "Gure enpresarentzat oso garrantzitsua da hau bezalako inguru industrial batean egotea".
Makina-erremintaren esparruan ehun urte baino gehiagoko esperientzia duen Daunert enpresa kataluniarrak ere Garaia aukeratu du penintsula iparralderako duen bulegorako, azaldu du bertako Igor Zabalak: "Lankide berri bat sartu da aurten, eta irudi aldetik, dituen zerbitzuengatik eta kokapenagatik aukera ona iruditu zaigu".
Gaurko ekitaldiak eman du fruiturik, Miguel Vanegasek azaldu bezala: "Kontaktu pare bat egin ditugu, ea zerbait irteten den horiei esker.
Etorkizunerako aurreikuspen onak
Une honetan 60 dira Garaia Parke Teknologikoan presentzia duten enpresak, eta etorkizunerako aurreikuspenak onak direla dio Idurre Albizuk: "Gauzak gaur egun doazen moduan badoaz, hazten jarraituko dugu. Ez bakarrik enpresa berriak sartzen direlako, aurrez zeudenak hazten doazelako baizik. gero eta zerbitzu eta leku gehiago eskatzen dute, eta hori guztiontzat da ona: enplegua sortzen dute, eta kalitatezkoa, gainera".