Arima Galduak jugger taldeko kideak Berlinen dira mundu mailako txapelketa jokatzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko ira. 24a, 18:00

Taldeak Bergaran entrenatzen du eta Rouse Garcia presidentea zein Jessica Ots entrenatzailea eta kapitaina Elgetan bizi dira.

Oraindik ere minoritarioa da jugger jokoa, baina eskualdean badugu talde bat eta egunotan Berlinen jokatzen ari diren mundu mailako txapelketan dira. Txapelketa gaur hasi da, eta domekara arte luzatuko da.

74 talde elkartuko dira. Taldeen jatorriari dagokionean, alemaniarrak dira gehiengoa –indar handia du juggerrak Alemanian–, baina baita ere Ameriketako Estatu Batuetakoak, Australiakoak, Lituaniakoak, Suitzakoak, Austriakoak, Poloniakoak, Hungariakoak, Frantziakoak, edo Suediakoak, besteak beste.

Olympiakos futbol zelaiaren ondoan dauden instalazioetan jokatuko da txapelketa eta gaur hasi dira norgehiagokak. Gogoz joan dira Arima Galduak taldeko kideak. Taldeko 6 lagun joan dira Berlinera, eta osatuko dute taldea beste talde batzuetan jugger jokalari diren beste 4 kiderekin.

Babesleari esker egingo dute bidaia; izan ere, gastuen erdia ordainduko du Crazy Tiger babesleak, eta ilusio handiarekin doaz jokalariak. Helburuei buruz galdetuta ondo pasatzea, asko ikastera eta beste herrialde batzuetako jugger taldeak ezagutzera joan direla azaldu du taldeko entrenatzaile eta kapitaina den Jessica Otsek.

Pandemiaren eragina

Iaz jokateko zen txapelketa eta 118 talde zeuden izena emanda. Pandemiak, ordea, eragina izan du eta txapelketa atzeratzeaz gainera parte hartzaile kopurua ere jaitsi egin da nabarmen. Arima Galduak taldean ere nabaritu dute eragina. Ezin izan dute nahi beste eta nahi moduan entrenatu. Hobeto ere ibili direla azaldu du Otsek, baina ikastera doazela eta aurrera jarraitzeko indarberritzera.

Jugger jokoa ez da kirol modalitate oraingoz. Ahalegin horretan ari dira eta lehen pausoa litzateke Euskal Herriko jugger federazioa sortzea. Gipuzkoarrak harremanetan dira Bizkaiko eta Arabako taldeekin, baina luze doa kontua. Gutxienez hamar talde behar dira, eta oraingoz lau dira.

Hori dela-eta garrantzitsua da juggerra ezagutzera ematea eta ahal dela jende gehiago animatzea parte hartzera. Eskoletan ere zabaltzen dute informazioa, baina halakoak ere murriztuta egon dira azkenaldian. Laster berreskuratu nahi dituzte halakoak.

Zer da juggerra?

Alemanian sortu zuten 1989ko Sangre de heroes pelikulako eszena bat oinarri hartuta. Gure inguruan oso ezaguna ez den arren, nazioarteko txapelketak jokatzen dira, eta Espainian ehun bat talde daude. Taldeak mistoak dira eta bosna lagunekoak. Lau jokalarik armak dituzte eta bosgarrena lasterkaria da. Helburua da zelai erdian dagoen jug izeneko piezarekin arerioaren eremua zeharkatu eta beste aldera eramatea. Horretarako jokalariek lasterkaria babestu behar dute eta bidea zabaldu. Hainbat tresna dituzte horretarako baina kontuz beste ekipo bateko armak batek ukitzen bazaitu immobilizatuta gelditzen zarelako denbora batez. Joko eremuak forma oktogonala du eta belarrezkoa izaten da. 

Jokalari gehiago behar dituzte Arima Galduak taldean baina gerturatzen direnak ere badira eta esan behar da entrenatzeko leku berria dutela orain. Mariaren Lagundia ikastetxeko belardian elkartu izan dira orain arte domeketan. Orain, berriz, Labegaraietan egiten dituzte entrenamenduak. "Bertan entrenatzen dugu igandero. Elkartzen gara Bergarako, Elgetako, Zumarragako eta Elgoibarko jendea", azaldu du Rouse Garciak.

Euskadi mailan ekipo bat baino gehiago daude. Eta hasi dira berriz ere torneoak. Duela gutxi izan gara Valladoliden gabez jokatu zen torneo batean, eta asteburu honetan ere beste txapelketa bat dago han. Taldeko ekipo da bidali dugu bertara. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak