ALBISTEAK

Jarduera guztiak 03:00ak arte zabaltzeko baimena eman du Labik

Uxue Igarza Loiola 2021ko ira. 17a, 11:22

Neurriak malgutu ditu Labik, eta bihar bertan jarriko dira indarrean, dekretua argitaratzearekin bat. Jarduera guztien ordutegia 03:00ak arte luzatuko da, edukierak handituko dira eta terrazetan hamabi laguneko bilkurak egongo dira baimenduta, besteak beste.

Labiren azken bileratik hona 200 puntu egin ditu behera intzidentzia-tasak, eta bilakaerak hobera egiten jarraituko duelakoan daude adituak. Hala, Jaurlaritzak iragarri du "gizarte-jarduera normalizatura" igarotzeko neurriak hartzen joango dela.

Bihartik hasita, jarduera komertzial, sozial eta kultural guztietarako ordutegia 03:00ak arte luzatuko da; baita gaueko aisiari lotutako establezimenduetan ere. Diskoteketan, erdira mugatuko da edukiera-muga, eta tabernetan bezala, debekatuta egongo da barran edo zutik kontsumitzea. Bestetik, dantzalekuak irekita egongo dira, baina maskara jarrita eduki beharko da unero.

Tabernetan, barneko edukiera-muga %75era igoko da, eta zortzi laguneko taldeak batu ahal izango dira mahaiaren bueltan. Terrazetan, berriz, hamabi pertsona egon ahalko dira elkarrekin, bizikideak izan edo ez. Debekatuta jarraituko du, baina, zutik edo barran kontsumitzeak. Zentzu horretan, joko- eta apustu-establezimenduek eta txoko eta elkarte gastronomikoek ostalaritza-sektorerako aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.

Horrez gain, edozein motatako gizarte, kultura edo kirol jardueretan, gehienez ere %75eko edukiera bete beharko da lokaletan. Bestetik, 1.500 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan gehienez, eta 1.800 pertsona kanpoan. Eta 3.000 lagunetik gorako edukiera duten esparru itxietan, gehieneko edukiera %40koa izango da, eta esparru irekietan, %60koa.

Bestalde, museoetara, erakusketa-aretoetara, jolas-zentroetara eta turismo-zentroetara joateko, 20 laguneko taldeak egin ahalko dira. Eta barne-instalazioetako kirol-jardueran ere, taldeen muga handituko da: 16 pertsonako taldeak egongo dira baimenduta.

Lokalak, txertaketak aurrera egiten duenean

Bestetik, gazteen lokal edo lonjak berriz ere zabaltzeko baimena emango du Jaurlaritzak; baina oraindik ez. 16 eta 29 urte artekoen % 85 txertatuta egon beharko da, lokalen irekiera baimentzeko. Eguazteneko datuen arabera, adin-tarte horretako gazteen %66,9 txertatu da orain arte, eta lehenengo ziztada %81,1ek hartu du.

Aurrera egiteko, bi gogorarazpen

Osasun sailburuak azaldu du bi kriterio jarraitu beharko direla aurrerantzean: osasun neurriak erlaxatzen jarraitzea eta oinarrizkoak direnak mantentzea –distantzia errespetatu ezin denean maskara erabiltzea, adibidez–. "Zuhurtasunari" eutsi behar zaiola gogorarazi du Sagarduik eta "urratsez urrats" aurrera egitea tokatzen dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak