Euskaltegien eskaintza zabala dago Debagoienean, AEKren eta Udal euskaltegien sareari esker. AEK-k, esaterako, Arrasateko Iturriotz kalean du bailarako egoitza, eta horrez gain Antzuolan edo Elgetan ikastaro konkretuak ere ematen dituzte. Aurtengo matrikulazio kanpainarako aukeratu duten leloa izan da Ikasi euskara, bidelagun onenarekin.
AEK-n zabalik dute izen-ematea irailaren 30era arte eta hainbat modu daude izena emateko: telefonoz, posta elektronikoz edota Arrasateko Iturriotz kaleko egoitza berrira gerturatuz, goizez eta arratsaldez.
Udal euskaltegiak: bost egoitza
Udal euskaltegien sareari dagokionez, bost egoitza daude Debagoienean: Arrasateko Udal Euskaltegia, Arimazubi plazan; Bergarakoa, Irizar jauregian; Oñatiko Bedita Larrakoetxea Udal Euskaltegia, Bidebarrieta kalean; Aretxabaletako Leintz euskaltegia, Nafarroa kalean: eta Eskoriatzako Leintz euskaltegia, Intxartxueta kalean. Sare publikoetan izen emate epea ezberdina da, herririk herri: Arrasaten eta Oñatin, irailaren 24ra arte; Aretxabaletako eta Eskoriatzako kasuan ez dute itxiera epe zehatzik, eta Bergaran, irailaren 28ra arte eman daiteke izena.
Hain zuzen ere, Bergarako udal euskaltegiko zuzendari Alex Labaienek nabarmendu du Udalak ematen dituen diru-laguntzei esker matrikulazioa asko merkatu dela.