Kutsatze datuek eta bestelako adierazleek hobera egin dutela kontuan izanik, irailaren 1etik aurrera edukiera neurriak malgutzea erabaki du LABIk.
Baimendutako gehieneko edukiera orokorra %35etik %60ra igoko da, jarduera zein instalazio mota guztientzat, muga espezifiko bat aplikatzen den kasuetan izan ezik.
Gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako %60koa izango da edukiera, baina gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira toki itxietan eta 800 pertsona kanpoan. Hala ere, beste bi salbuespen ere zehaztu ditu: 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeetan 800 pertsonako maximoa izango da, eta kanpoan 1.200 pertsonakoa. Aldiz, 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera %30 izango da, hala nola, futbol-zelai handietan.
Ostalaritzari dagokionez, barruko edukiera %50era handituko dute. Gainera, mahaiaren inguruan elkartu daitezkeen pertsona kopurua zortzira igoko da eguaztenean. Hala ere, barran eta zutik kontsumitzeko debekua mantendu egingo da.
Bestalde, indarrean jarraituko du jarduera guztiak 01:00etan ixteko muga-ordutegiak.
Txertatuek berrogeialdirik ez
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskainitako prentsaurrekoan azaldu dute, orain artean bezala, txertatuta dauden pertsonek ez dutela berrogeialdirik egin beharko, eta kazetarien galderei erantzunez Sagarduik argitu du neurria berdin mantenduko dela ikasleen kasuan ere.
Bestalde, Bildarratz sailburuak jakinarazi du gaur bertan bidali dietela ikastetxeei protokolo berria. Ekainean zehaztutakoaren "oso antzerakoa" dela esan du eta oinarria "aurrez aurreko hezkuntza" bermatzea dela. Hala ere, "zuhurtzia" eskatu die ikastetxeei Bildarratzek.
Horrekin batera jakinarazi du Bildarratzek, eskolaz kanpoko jarduerei dagokienez protokoloa osatu egin dutela, eta ikasturte hasiera bestelako muga gabe hasiko dutela entrenamendu zein txapelketek.