ALBISTEAK

2020ko heriotzen %12,7 izan ziren COVID-19ak eragindakoak

Uxue Igarza Loiola 2021ko abu. 4a, 16:25

Eustat estatistika erakundeak argitaratutako datuen arabera, 24.247 pertsona hil ziren 2020an; horietatik 3.096, COVID-19aren ondorioz. Halere, %13 gehiago izan ziren tumoreengatik hildakoak eta %10 gehiago zirkulazio-aparatuko gaixotasunen ondorioz zendutakoak.

2019arekin alderatuta, 2020an heriotzek % 12,5 egin zuten gora erkidegoan. Pandemiaren eragina nabarmena izan da, baina ehunekotan, honako hauek izan dira heriotzen arrazoi nagusiak: heriotzen %25,7, (6.223 pertsona) tumoreen ondoriozkoa izan da; %23,1 (5.611) zirkulazio-aparatuko gaixotasunen ondoriozkoa; % 12,8 (3.096) koronabirusaren ondoriozkoa; eta %7,3 (1,774)  buruko  eta portaeraren nahasmenduen ondoriozkoa. Hots, COVID-19a hirugarren eragile nagusia izan da.

Heriotzen arrazoiak desberdinak dira emakume eta gizonenei dagokienez; gizonen artean, tumoreak izan dira heriotzen arrazoi nagusia, eta emakumeen artean, berriz,  gaixotasun kardiobaskularrak. Halaber, Eustatek nabarmendu du nahasmenduen ondoriozko heriotzen artean emakumeen ehunekoa handiagoa dela, eta  kontrakoa gertatzen dela kanpo-kausek eragindakoetan, non gizonen ehunekoa handiagoa baita. 

Adinei erreparatuta, urtebete baino gutxiagoko haurren kasuan, jaiotza gaixotasunen eta sortzetiko  malformazioen ondoriozkoak izan ziren heriotza gehienak. 39 urtera artekoen kasuan, berriz, heriotza-kausa nagusiak kanpo-kausak izan ziren, besteak beste, istripuak eta suizidioak. Bestetik, 40 urtetik 79  urtera bitartean tumoreak izan ziren lehen heriotza-kausa eta, 80tik aurrera, zirkulazio sistemako gaixotasunak. 

Hiru urte hazi da bizi-itxaropena

2020an hildako pertsonen batez besteko adina 81 urtekoa izan zen. Datuek erakusten dutenez, hamarkada batean 2,9 egin du gora bizi-itxaropenak. Bestalde, iaz, 100 urteko edo gehiagoko 409 pertsona hil ziren; 2019an baino 31 gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak