Zeintzuk dira LABIk adostutako azken neurriak?

Uxue Igarza Loiola 2021ko uzt. 23a, 11:39

Zapatuan sartuko dira indarrean atzo LABIk adostutako neurriak; halere, gehienezko edukiera mugei lotutakoak astelehenean, hilak 26, abiatuko dira. Bestetik, okerrera egiten ari den bilakaera epidemiologikoak bultzatuta, gomendio sorta bat ere gehitu du LABIk dekretu berrian.

Orain arte musukoak hautazkoak ziren, baldin eta aire zabalean egonez gero eta pertsonen arteko metro eta erdiko gutxieneko distantzia mantenduz gero. Eta orain ere, hala izaten jarraituko du. Gaur argitaratu den dekretuan jasotzen denez, egungo neurriak "indartu" nahi dira, eta hainbat zehaztapen egin dituzte. Halere, praktikan, ez da aldaketa berririk jaso, maskarei dagokienez.

Madrilgo Kongresuan eguaztenean ebatzi zenez, erkidegoek ezingo dute musukoaren erabilera gehiago zorroztu, ez baitzen onartu ekainaren 24ko dekretua aldatzea. Dekretu horretan musukoaren erabilera hautazkoa dela jasotzen da, aire zabalean egonda eta segurtasun distantziak bermatuta.

LABIren azken ebazpenaren arabera, orain arte bezala jarraituko du arauak, baina gaineratu dute hiriguneetan erabilera indartu behar dela: alde zaharretan, merkataritza-guneetan, parkeetan, merkatuetan, azoka txikietan… Jende pilaketak egon daitezkeen tokietan nekezagoa izan daiteke segurtasun distantziak errespetatzea, eta musukoa aldean eramatearen garrantziaz ohartarazi dute behin baino gehiagotan osasun agintariek; halako egoeretan –distantzia mantendu ezin bada–, nahitaezkoa delako maskara jartzea.

Bestetik, dekretuan gogorarazten da garraio publikoan eta jatetxe eta ostalaritza establezimenduetan nahitaez erabili behar direla musukoak; azken kasuan, jateko edo edateko unean bakarrik ken daitezke.

Kirol-jardueratan, berriz, ez da derrigorrez maskararik erabili behar natura-guneetan, hiriguneetan (oinezkorik gabe), entrenamenduetan, lehiaketa profesionaletan edo erdi-profesionaletan eta ezta kanpoko jarduera fisikoko uneetan ere. Eta era berean, hondartzetan eta igerilekuetan ere ez da derrigorrezkoa izango, betiere, pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespeta badaiteke.

Gehienezko edukieretan, aldaketak

Dekretu berriak 01:00era aurreratu du jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak ixteko azken ordua, eta gehienezko edukieretan ere aldaketak ekarri ditu: instalazio guztietarako baimendutako gehienezko edukiera % 35era murriztu da.

Horrekin lotuta, gizarte, kultura edo kirol ekitaldietan ere edukiera murrizketak ezarriko dira. 1.600 pertsona har ditzaketen esparruetan, 400 lagun egon ahalko dira gehienez barrualdean, eta 600, kanpoaldean. 1.600 eta 5.000 bitarteko esparruetan, berriz, 600 egon ahalko dira gehienez barrualdean, eta 800, kanpoaldean. Bukatzeko, 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, % 20ko edukiera baimenduko da gehienez. Bukatzeko, pilaketak gerta litezkeen ekimenetan, pertsona bakoitzeko lau metro koadroko espazioa bermatu behar da.

Arauak ez, baina gomendioak bai

LABIk beharrezkotzat jo du herritarrei "auto-limitaziorako" deia egitea. Hala, gaueko mugikortasuna eta talde pilaketak saihesteko "deialdi berezi bat" gehitu diote dekretuari.

Batez ere 150etik gorako intzidentzia-tasa duten herrietan, gaueko mugikortasuna 01:00etatik eta 06:00etara mugatzea, gehienez sei pertsonako taldeak batzea eta gaitzari lotutako sintomak edukiz gero, autoisolatzea eta osasun-zerbitzuekin harremanetan jartzea dira azpimarratu dituzten ideiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak